EUSKAL PRESOAK

Espainiako Auzitegi Gorenak ez du aintzat hartu Arregi Erostarbe presoak Frantzian betetako espetxealdia

Urtarrilean ezarri zuen doktrina Auzitegi Gorenak, euskal presoei espetxealdiak murriztea galaraziz.

Auzitegi Goreneko epaileak, artxiboko irudi batean. SERGIO BARRENETXEA / EFE
2015eko abenduaren 18a
16:50
Entzun

Europako Batzordearen 675/2008 zuzentarauak hala agintzen duen arren, Auzitegi Gorenak orduan erabaki zuen Frantzian zigorra bete duten eta Espainiara eraman dituzten euskal presoei ez zaiela aurrez bete dituzten espetxealdiak kontuan hartu behar; Espainian delitu beragatik zigortu arren, Frantziako espetxeetan egindako urteak ez zaizkiela Espainiak ezarritako zigorrei kenduko.

Ildo horretan, Auzitegi Gorenak baztertu egin du Joseba Arregi Erostarbe presoak Frantziako espetxealdia kontuan hartzeko aurkeztutako eskaria. Bidarten (Lapurdi) atxilotu zuten Arregi Erostarbe 1992an, ETAko zuzendaritzaren aurkako operazioan.

Nahasia da auzia, eta ilungune ugari ditu. Europako Batzordeak 2008an onartutako zuzentarauak dio Europako Batasunak batuta jardun behar duela erabaki judizialetan ere. Alegia, Europako Batasuneko edozein auzitegik ezarritako zigorrak kontuan hartu beharko dituztela Europako beste edozein herritako auzitegiek.

2008an hartutako erabaki hori Europako estatu guztiek bete beharrekoa da. Nola gauzatu ere zehaztu zen orduan: 2010eko abuztuaren 15erako estatu guztiek beren legeetan txertatua izan behar zuten. Espainiak, ordea, ez du jaso epemuga igaro eta sei urtera arte. 2014ko abenduan bihurtu zuen lege, eta, gainera, zuzentarauak emandako onurez baliatzeko, zenbait baldintza jarri zituen. Salbuespen horiek euskal presoei aukera baliatzea ukatzen diete, praktikan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.