Presoak

Espainiako Auzitegi Nazionalak erredentzioen inguruan hartutako erabakia "legearen kontrakoa" dela dio Goirizelaiak

Jone Goirizelaia abokatu eta SA Sozialista Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak kritika zorrotza egin dio Espainiako Auzitegi Nazionalak ETAko presoen erredentzioen inguruan hartu berri duen erabakiari. Izan ere, epaitegi horretako Zigor Salak ebatziko du etorkizunean etakide direlakoan preso daudenak aske utzi edo ez, legediaren arabera libre geratzeko moduan egon arren. Erabaki hori "legearen kontrakoa" dela esan du Goirizelaiak, eta "etsaiaren Zigor Zuzenbidea" jarri duela abian Auzitegi Nazionalak.

2005eko urtarrilaren 21a
18:19
Entzun
Etakide izatea leporatuta preso daudenen askatasuna trabatzeko Auzitegi Nazioanalak hainbat neurri hartu dituela azkenaldian esan du abokatuak, baina atzo iragarritakoa guztietan "ikusgarriena" dela: "Gaur egungo legediaren arabera erabat debekatuta dagoen zerbait egiten ari baita, Legea aldatzen".

Goirizelaiak agertu duenez, Espaniako legediak betekizun zehatz batzuk ezartzen ditu baldintzapeko askatasuna jasotzeko, eta orain Auzitegi Nazionalak baldintza legal horiek aldatuko ditu, "epaileen, hau da, Legea aplikatu behar dutenen, erabaki batean oinarrituta", nabarmendu du. "Botere legegilea legeak egiteko dago eta judiziala betetzeko, eta, beraz, legearen mende jardun behar dute. Ezin da aplikatu beharreko legea egokiera politikoaren edo gizarteko presioaren arabera aldatu", erantsi du.

Abokatuaren arabera, Zigor Salaren erabakiak segurtasun gabezia handia sortu du, eta, funtsean, Auzitegi Nazionala gerrako zuzenbidea erabiltzen ari dela iritzi dio: "Etsaiaren Zigor Zuzenbidea dago abian, eta Auzitegi Nazionalak aplikatzen du", azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.