IKURRAK

Espainiako bandera baino lehenago, dimisioa

Dimisioa eman du Izaskun Uriagereka Mungiako alkateak, Espainiako bandera jartzeko agindua ez betetzeko. "Denok bete behar dugu legea, gehiago ala gutxiago gustatu", erantzun dio Carlos Urkijok. Igor Torrontegi alkateordeak ordezkatuko du karguan.

Mungiako udaletxea, banderarik gabe. MUNGIAKO UDALA
2015eko otsailaren 10a
21:33
Entzun

Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkari Carlos Urkijok Izaskun Uriagerekari erantzun dio, hark iragarri ondoren dimisioa emango duela: "Legeria betetzea da demokrazian elkarbizitza bermatzen duena". Urkijo izan zen udala salatu zuena, Espainiako bandera udaletxean ez jartzeagatik.

Miren Begoña Bilbao Kultura zinegotziarekin batera eman du dimisioa Uriagerekak, eta ostiraleko udalbatzan utziko dute kargua ofizialki. Mungiako Udalak Espainiako bandera udaletxeko aurrealdean jarri behar izatearen kontra helegitea aurkeztu zuen udalak Auzitegi Konstituzionalean, baina organo horrek ez du helegitea onartu, eta agindu hori ez betetzeko hartu dute dimisioa emateko erabakia.

"Ideologia askatasunerako eskubidean" oinarritu zuen udalak helegitea. "Hiru urte eta erdi daramatzagu auzi honekin", azaldu du Uriagerekak. Bide judiziala amaituta, uste du aginduak bere eta Mungiako herritarren "sentimenduak" urratzen dituela.

Gogorarazi du hauteskunde programa "abertzale" bat aurkeztuta irabazi zituela 2011ko hauteskundeak, gehiengo osoz. Hori horrela, ohartarazi du Espainiako bandera zintzilikatzeko aginduari "erantzun kolektiboa" eman behar zaiola.

Bizkaiko Foru Aldundiak "errespetua" azaldu du Uriagerekaren erabaki "pertsonalaren" inguruan. EAJk, berriz, "esker ona" adierazi dio, eta "begirune osoz" hartu du dimisioa. Gogorarazi du, halaber, EAJk gobernatutako erakundeetan "lege aginduz" jartzen duela Espainiako bandera eta hori "inposizioa" dela "euskal gizartearen gehiengoaren borondatearen kontra dagoen neurrian".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.