EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Espainiako bandera jartzeko agindu die hainbat udali; tartean daude Elgoibarko eta Zizurkilgo udalak (Gipuzkoa).
Elgoibarko Udalean agindu hori betetzea erabaki du Alfredo Etxeberria alkateak, eta banderak noiz jasoko “zain” daudela adierazi du.
Kasu horretan, Elgoibarko PPko zinegotziak salatu zuen udalak ez zuela betetzen Espainiako "Banderen Legea", eta mozioa aurkeztu zuen. Udalak, ordea, banderak jartzeko ordura arteko irizpidea mantentzea erabaki zuen 2008ko otsailaren 28ko osoko bilkuran.
"Mozio hartan zehazten zen bezala, erabaki genuen ez genuela Espainiako bandera jarriko, herritar gehienen nahia betez", ekarri du gogora alkateak. Hala ere, Auzien Epaitegiak atzera bota zuen udalaren erabakia, eta Espainiako bandera jartzera behartu zuen. Erabaki horren aurka helegitea jarri zuen udalak EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, baina hori ez onartzea erabaki du auzitegiak.
Zizurkilen, herritarrei kontsulta
Zizurkilen (Gipuzkoa), urte hasieran iritsi zitzaien Espainiako bandera jartzeko agindua. Afera orain dela hainbat urte hasi zen, eta urtarrileko agindu hori prozesuko azken epaia da; beraz, ezin dute errekurtso gehiago jarri. Epaia bete ezean, bandera derrigorrean jarriko dela dio epaiak, eta udaleko ordezkarien aurkako auzibidea has dezaketela. Zizurkilgo Udala herritarrekin bildu da, haien iritzia jakiteko.