1936ko gerran fusilatutako herritarrak Iruñean gogoratzen dituen oroitarria Espainiako banderaren koloreekin margotu dute gauean. Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko presidente Olga Alcegak pintaketa salatu du, eta oroitarria jartzea "zenbat kostatu zen" gogora ekarri du. Halere, lanean jarraituko dutela azpimarratu du: "Inork ez dizkigu lanak erraztu; asko kostatu zaigu xehetasun txiki bakoitza, oroitarri hori jartzea kasurako".
Joseba Asiron Iruñeko alkateak Emilio Mola eta Jose Sanjurjo jeneral kolpisten gorpuak Erorien Monumentuko kriptatik ateratzeko erabakia ezagutarazi zuenetik, pintaketa ugari agertu dira Nafarroako hainbat lekutan. Asironen kontrakoak izan ziren aurrenekoak, eta joan den astean German Rodriguezen oroitarriari ere eraso egin zioten.
Gehiago agertu ziren igandean: Huarten agertu zen bat, eta Mola eta Sanjurjo hobitik ateratzearen aurkako mezua idatzi zuten: "Inoiz ez dituzue gure arimak hobitik aterako. Ohorea eroriei". Iruñeko Burlatako bide zaharrean ere agertu dira pintaketak, besteak beste svastika margotuta.