Sortu-ren erregistroa

Espainiako Barne Ministerioak Sorturen erregistroa gelditu du, Batasunaren jarraipena delakoan

Rubalcaba presidenteordeak esan du "garbi" dagoela bi alderdien arteko lotura. Barne Ministerioak Fiskaltzara eta Estatuaren Abokatuarengana bidali du segurtasun indarrek bildutako informazioa.

2011ko otsailaren 11
16:22
Entzun
Alfredo Perez-Rubalcaba Espainiako presidenteordeak esan duenez, Barne Ministerioak Sorturen erregistroa gelditu du, Batasunaren jarraipena delakoan. "Garbi dago Batasuna dela, eta beraz, jarraipena dagoela. Legez kanpoko alderdi bat da, eta alderdien erregistrora etorri da beste izen batekin eta beste estatutu batzuekin legezkoa izan nahi duelako", esan du.

Erregistroa eten ondoren, segurtasun indarrek bildutako informazioa Fiskaltzara eta Estatuko Abokatuaren bulegora bidali dutela azaldu du Rubalcabak.

Urizarren arabera, EA eta Alternatiba lekukoa hartzeko prest daude

Pello Urziar EAko idazkari nagusiak esan du maiatzeko haustekundeetan Sorturi parte hartzen uzten ez badiote Eusko Alkartasunak eta Alternatibak bere egingo dituztela ezker abertzalearekin adostutako akordioetan hartutako konpromisoak, eta horiek aurrera eramango dituztela gaineratu du. Ezker abertzalea hurrengo hauteskundeetan gehituko zaiela ere azaldu du.

Sortu legeztatzen badute, berriz, Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratzeko lan egingo luketela esan du. Haren hitzetan, ezker abertzaleak eman duen pausoa "nahikoa baino gehiago da". Hauteskundeetan egon beharko lukeela iritzi dion arren egongo ote den zalantza duela esan du, "PSOEk eta gobernuak epaitegietara bideratu dutelako".

Nafarroa Bairen inguruan esan du aurtengo hauteskundeetarako sortzen ari den koalizioa ez dela 2003koa eta 2007koa, eta berriro esan du NaBain ateak irekita egon behar dutela nahi duena sar dadin. "Norbaitek esan beharko digu zein den arazoa ezker abertzalea NaBain sartzeko, zeren eta badakit asteak daramatzala NaBaiko kide guztiekin batera biltzen saiatuz baina ez zaiola erantzuten".

Hilaren 19an Bilbon manifestatzeko deia

Bihar hainbat pertsona ezagunek hilaren 19an Sorturen legalizazioaren alde Bilbon manifestatzera deituko dute. Bakerantz, legalizazioa izango da manifestazioaren leloa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.