konponbideari begira

Espainiako Barne ministroak aitortu du ETA prest legokeela desegiteko

Fernandez Diazek esan du erakundeak euskal presoei buruzko akordio bat lortu nahiko lukeela horretarako. "Baina gobernuak ez du sekula ETArekin negoziatuko".

2012ko urriaren 31
13:29
Entzun

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak esan du bere ustez ETA "prest" legokeela "desegiteko eta armak uzteko", baldin eta gobernuarekin euskal presoei buruzko akordio bat lortuko balu. Horretan "dudarik" ez duela adierazi du ministroak gaur, Onda Cero irratian, "baina gobernuak ez du sekula ETArekin negoziatuko". El Pais-ek gaur argitaratu du ETAk desegitea planteatuko lukeela, gobernuek espetxe politika aldatuko balute.

Fernandez Diazen arabera, Espainiako exekutiboak ETA bezalako "erakunde terrorista" batekin ezin du negoziatu. "Ez dugu negoziatu, ez gara ari negoziatzen eta ez dugu negoziatuko. Hasieratik oso garbi jarri izan dugu hori". Izan ere, ministroak dio, negoziatuz gero, ETAk bere "arrazoiak" dituela onartzea litzatekeela, "eta erakunde terrorista batek ez du inolako arrazoirik".

Lokarri herritar sareak erantzun dio "oso aukera ona" dagoela ETAren desegitea erdiesteko, eta "erantzukizunez eta azkar" jokatzeko eskatu dio. Lokarri-ren arabera, ministroak emandako "informazioa oso garrantzitsua da, ETAk bake prozesuan aurrera egiteko borondatea duela egiaztatzen baita". 

Iazko urriaren 17an Aieteko Adierazpenean Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi ohiak, Gro Harlem Brundtland Norvegiako lehen ministro ohiak, Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohiak, Pierre Joxe Frantziako Barne ministro ohiak, Gerry Adams Sinn Feineko presidenteak eta Jonathan Powell Erresuma Batuko kabineteko buru ohiak Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatu zieten ETAk jarduera armatua utziz gero "gatazka armatuaren ondorioez soilik aritzeko elkarrizketak zabaltzeko". ETAk 2011ko urriaren 20an jakinarazi zuen jarduera armatua betiko utzi zuela.

Bi gobernuak ez dute espetxe politika aldatu: presoen sakabanaketak hor segitzen du, Parot doktrinak ere bai, gaixotasun larriak dituzten hamahiru presok kartzelan jarraitzen dute...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.