Espainiako Elizaren jatorrizko bekatua

Martin Orbe apaiz bizkaitarrak «tortura, 'Parot doktrina' eta presoen sakabanaketa gaitzesteko» eskatu dio Eliza katolikoari, Zamorako apaiz kartzelan izandako euskaldunen inguruko solasaldian.

Zamorako espetxean izandakoek hitzaldia eskaini zuten herenegun Bilbon. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Elizaren hierarkiari behingoz eskatu behar zaio tortura, Parot doktrina eta presoen sakabanaketa gaitzesteko». Martin Orbe apaiz bizkaitar eta UEUko zuzendari ohiak Espainiako Eliza katolikoak iraganean eta gaur egunean izandako jarrera politikoen inguruko hausnarketa plazaratu du, Gite elkarteak Bilbon antolaturiko solasaldian.

Frankismoaren eragina gaur egunera arte luzatu dela iritzi du Orbek: «Gaurko egoera, bai politikoa eta soziala, bai Elizakoa, ezin dira ondo azaldu frankismoa kontuan hartu barik». Diktadorearen heriotzaren ostean arlo politikoan «erreforma deitu izan dena» martxan jarri arren, «diktadurako egitura guztiek» irauten dutela uste du apaizak. Horrez gain, adierazi du Espainian Eliza katolikoa diktadurarekin «oso lotuta» egon zela.

Euskal Herriari dagokionez, Espainiako botere politikoak jorratutako ildoari jarraitzea leporatu dio Elizari, nola iraganean hala gaur egun. Hala, frankismoaren asmoa Euskal Herria «deuseztatzea» zen, eta gaur egun, berriz, Euskal Herria «Espainiako estatuaren barruan asimilatzea» du helburu espainiar botere politikoak, Orberen irudiko. «Diktadura garaian, Eliza jarrera politiko horren abangoardia izan zen legez, orain berdin egiten du. Diktadura denboran onartu egiten zuen, eta, orain, sasi-demokrazia honetan berdin onartzen du».

Ondorioz, Eliza katolikoaren hierarkiari egindako eskari guztien gainetik bakarra nabarmendu du Orbek: «Behin betikoz apurtu dezala statu quo-arekin daukan lotura». Bestalde, joan den astean Bilbo, Gasteiz eta Donostiako gotzainen homilia batean ETAri «barkamena eskatzeko» galdegin zioten, eta horren inguruan ere gogoeta bat egin du apaizak. «Diktaduran alde batekoak ziren bekatariak, eta orain ere alde batekoak dira barkamena eskatu behar dutenak».

Zamorako bizipenak

Ekitaldia 1968 eta 1976 artean Zamorako apaiz kartzelan preso izandakoMartin Orbe, Juan Mari Arregi, Periko Solabarria eta Xabier Amurizaren bizipenek hezurmamitu dute.

Euren esperientziak kontatzeari ekin aurretik, Josu Chueca historialariak garai hartako testuinguru sozial, politiko eta erlijiosoa deskribatu du, bide batez Zamorako apaiz kartzela. Eliza eta Estatuaren presondegia liburuaren aurkezpena eginez. Chuecaren ustez, «behar-beharrezkoak» dira tankera horretako idazlanak, «gaur egun nagusitzen ari den kontakizun sasi-historiko instituzionalaren aurrean» preso izandako apaizek sufritu zuten «errealitate errepresiboa» aditzera emateko. Historialariak esan duenez, errealitate hori gaur egun ere «bizirik dago, tamalez».

Zamorako kartzelan 40 bat preso egon zirela azaldu du Chuecak: «Gehienak apaiz euskaldunak ziren, herri eta langile mugimenduetan hierarkia eklesiastikoaren aurka borrokatu zirenak».

Solaskideen artean, Arregi izan zen Zamoran preso egon ez zen bakarra. «Ihes egin nuen, eta Donibane Lohizunera joan nintzen». Han, Euskal Herriko albisteak salbuespen egoeran egunkari klandestinoaren erredaktorea izan zen. Solabarria, berriz, bere espetxeratzearen zergatia azaldu du: «Pulpitua lubaki gisa erabiltzeagatik eraman ninduten kartzelara». Hurrena, Orbek tiroz zauritutako ETAko militante Mikel Etxebarriari laguntza emateagatik atxilotu zutenean pairatu zituen torturak deskribatu ditu. Tortura horiek salatzeko Bilboko gotzaindegian itxialdian eta gose greban parte hartzeagatik kartzelatu zuten Amuriza. Bertsolariak azaldu duenez, denbora «gehiegi» zuten Zamorako presoek. «Bertan idatzi nituen Hiztegi Errimatua eta beste lan batzuk, eskuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.