auzitegiak

Espainiako ereserkiari Kopako finalean egindako txistualdia artxibatu du epaileak berriro

Epaileak esan du ezin dituela Bartzelona eta Athletic txistualdiaren errudun egin. Bideoa: Txistualdia, Bartzelona eta Athleticen arteko Kopako finalean, iaz (Lara Madinabeitia, BerriaTB). [YouTube]https://youtu.be/iBYr0DRdiF8[/YouTube]  

2016ko maiatzaren 9a
08:29
Entzun

Fernando Andreu Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak berriro artxibatu du iazko Espainiako Kopako finalean Camp Noun milaka futbolzalek Espainiako ereserkiari egindako txistualdia. Maiatzaren 30ean izan zen. Txiribituak nork banatu zituen eta nola banatu ziren ikertzeko agindu zioten epaileari, Espainia gutxietsi zutelakoan. Andreuk, ordea, argudiatu du edozein pertsonak egindako delitu oro ezin zaiola erakunde kolektibo bati leporatu.

Epaileak bigarren aldiz artxibatu du, ondorioz, salaketa. Gaineratu du "izatekotan, interpretazio oso zabal bat eginez" gorrotoa bultzatzeko delitua izan zitekeela txistualdiaren planifikazioa, baina Espainiako Zigor Kodearen 2015eko ekaineko erreformaz geroztik pertsona juridiko bati soilk leporatu ahal zaiola delitu hori.

Manos Limpias eskuin muturreko sindikatuak jarri zuen salaketa, eta, orain, hiru eguneko epea eman dio kereila aurkezteko sindikatu horren zuzendaritzan hartutako erabakiaren ziurtagiria eta egin beharrekoetan akusazio izateko 10.000 euroko fidantza jar ditzan. Vox alderdiari ere gauza bera eskatu dio.

Fiskaltzari erabakiaren berri eman dio, akusazio bakar gisara aurkeztu nahiko balu hala egin dezan. Lehenago ere epaile instruktoreak artxibatu egin zuen txistualdiaren auzia, 2009ko beste final batean antzeko beste gertaera batean fiskala artxibatzearen alde agertu ostean.

Artxibatu ostean, ordea, Espainiako Auzitegi Nazionaleko 3. Zigor Aretoak onartu egin zuen fiskaltzak, Voxek eta Manos Limpias elkarteak aurkeztutako helegitea. Epaileari agindu zioten auzia iker zezala berriro, txistualdian deliturik egin ote zen argitzeko. Auzitegi Nazionalak argudiatu zuen 2009an eta 2015ean Katalunian "independentziarekiko giro instituzionala oso ezberdina" dela eta ezin direla onartu Espainiako ereserkiarekiko eta estatuburuarekiko "irainak".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.