politika

Espainiako erregea: "Belaunaldi gazteago batek igaro behar du lehen lerrora"

Urtarrilean hartu zuen abdikatzeko erabakia. Juan Carlos I.aren ustez, bere seme Felipek "heldutasuna eta beharrezko prestakuntza" ditu erregetza hartzeko. Mariano Rajoy Espainiako presidenteak ministro kontseilura deituko du biharko. 

2014ko ekainaren 2a
07:26
Entzun

Espainiako erregeak eguerdian telebista bidez egindako agerraldian esan duenez, errege izendatu zutenean konpromiso sendoa hartu zuen Espainiaren interes orokorrei erantzuteko, eta atzera begiratuta, "harrotasuna eta esker ona" sentitzen ditu. Harrotasuna, "urte hauetan guztion artean lortutako guztiagatik"; esker ona, berriz, erregealdian jasotako babesagatik.

"Krisi ekonomiko luzeak orbainak utzi ditu ehun sozialean, baina etorkizun itxaropentsua erakusten digu". Dioenez, "urte zailek" balio izan dute "akatsen balantze autokritiko bat egiteko". 

Orain, uste du "belaunaldi berri batek" protagonismoa eskatzen duela, bere garaian haren belaunaldiak izan zuen moduan. "Onena nahi dut Espainiarentzat. Bizitza guztia eskaini diot eta haren zerbitzura jarri ditut nire gaitasun guztiak, ilusioa eta lana".  

76 urte ditu Juan Carlos I.ak. Francisco Franco diktadoreak izendatu zuen bere oinordeko, eta 1975eko azaroaren 22an hartu zuen Espainiako errege kargua.

Lehenik, lege organikoa

Espainiako erregearen agerraldiaren aurretik, Rajoyk 10:30ean eman du abdikazioaren erabakiaren berri. Espero du "epe motzean" Espainiako Gorteek Felipe Borboikoa izendatzea errege. Abdikazioa izan denez, beharrezkoa izango da lege organiko bat onartzea —horretan zehaztuko da jarraitu beharreko prozedura—. Gobernuak bihar onartuko du legea, Gorteetara igortzeko.

Erregeak Espainiako presidenteari jakinarazi dionez, "hau da Estatuaren buruzagitza aldatzeko unerik egokiena". Rajoyk erregeari buruz esan du "bozeramaile onena" izan dela: "Gure interesen defendatzaile sutsua izan da".

Errege etxeak hala eman du albistea Twitter bidez:

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.