Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendigurenek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak aurkeztu dute Europako Kontseiluan Espainiako Estatuak Erregio zein Gutxiengo Hizkuntzen Europako Ituna euskarari aplikatzearen ebaluzioa izeneko txostena. Batak zein besteak nabarmendu dutenez, ondorio argi bat atera daiteke txosten horretatik: hau da, Espainiako Estatuak ez dituela Euroitunean bere gain hartutako konpromisoak betetzen.
"Espainiako Estatuak konpromiso batzuk hartu zituen Euroituna berrestean eta euskarari dagokionez ez ditu bete. Espainiako Estatuak itxurakeria hutsa egin zuen konpromisoa hartzeko unean", adierazi du Mendigurenek. Hori dela eta, Kontseiluko idazkariak uste du euskararen normalizazioa gizarteko arlo guztietako erakundeen engaiamenduaren bidez baino ez dela lortuko: "enpresen, erakundeen, instituzioen eta normabanakoen konpromisoen bidez", zehaztu du.
Juan Inazio Hartsuagak, berriz, azaldu du Espainiako Estatuak ez duela zabaldu Euroitunaren edukia, "Espainiako legediak eduki hori gainditu egiten duela aitzakiatzat ipiniz". Gainera, Madrilek aurkeztu duen txostenean ez da aztertzen Euroituna benetan betetzen den. "Bakarrik esaten du Espainiako legeak ez direla Euroitunaren kontrakoak. Legedia aztertzen du, ez errealitatean zer gertatzen den", agertu du.
Ildo horretatik, Espainiak Europako Itunean esaten dena betetzen ez duen puntuetako batzuk zeintzuk diren agertu du Behatokiko zuzendariak: "Nafarroako Gobernuaren diskriminazio positiboaren aurkako iritzi eta ekintzek bete-betean Euroitunaren kontra jotzen dute; Euroitunak botere publikoei ematen dien agindua hizkuntz txikien aldeko tolerantziazko giroa sortzen laguntzeko hezkuntza sisteman eta komunikabideetan ez da betetzen; auzitegietan euskaraz jarduteko eskubidea ez da bermatzen, ez eta eskubide horren ezagupidea epaileen artean ere; irakaskuntza eta komunikabideen arloan ere ez dira Euroitunak ipinitako minimoak betetzen".
Txostena Behatokiak landu du baina euskalgintzako honako erakundeen ekarpenak jaso ditu: Abokatu Euskaldunen Sindikatuarenak, AEKrenak, Argia -renak, Artezenak, Berria -renak, Bostak Bat Kultur Elkartearenak, Emun Kooperatibarenak,Elkarlanean argitaletxearenak, Euskararen Gizarte Erakundearen Kontseiluarenak, Euskal Soziolinguistika Institutuarenak, Goiherriko Euskal Eskolarenak, HikHasirenak, IKArenak, Karmel aldizkariarenak, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearenak, Oinarriakenak eta Sortzen-Ikasbatuazenak.
Euskara
Espainiako Estatuak ez duela Gutxiengo Hizkuntzen Euroituna betetzen salatu du Behatokiak
Erregio zein Gutxiengo Hizkuntzen Europako Ituna Espainiako Estatuak euskararen kasuan nola aplikatzen duen aztertu du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, eta ondorio argi batera heldu da: Madrilek ez du Euroituna betetzen. Behatokiak euskalgintzak hainbat erakunderen ekarpenak jaso ditu ebaluazio txosten hori lantzeko, eta Estrasburgon, Europako Kontseiluan, aurkeztu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu