aireportuetako krisia

Espainiako Estatuko aire eremua zabalik dago

AENAk 15:45 aldera jakinarazi du albistea, eta 19:00etarako hegaldiak "normalizatuta" izatea espero du. Loiun 17:20etan atera da lehen hegaldia. Aire kontrolatzaileen lanuztea dela-eta Espainiako Gobernuak eguerdian alarma egoera aldarrikatu du, frankismotik lehen aldiz. Ehunen bat kontrolatzaile epailearen aurrera eraman ditzakete.

2010eko abenduaren 4a
18:09
Entzun
Egun historikoa da gaurkoa Espainiako Estatuan, gobernuak frankismoaz geroztik lehen aldiz aldarrikatu duelako alarma egoera. Atzo arratsaldean aireportuetako kontrolatzaileek euren lan baldintzengatik lana egiteari utzi izanagatik hartu du neurria gobernuak. Gaur eguerdian eman du erabaki horren berri Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako lehen presidenteorde, bozeramaile eta Barne ministroak.

Ondoren ekin diote aire kontrolatzaile askok lanari, eta AENA Espainiako Aireportuak eta Aireko Nabigazioak 15:45 aldera jakinarazi du aire eremua zabalik dagoela. 19:00etarako hegaldiak "normalizatuta" izatea espero du AENAk. Loiun 17:20etan atera da lehen hegaldia.

Egoera larria bizitzen ari da Espainiako Gobernua, 330.000 lagun inguru hegazkina ezin hartuta geratu zirelako atzoko erabakiagatik. Jose Luis Rodriguez Zapateroren exekutiboa gaur 9:10etik Ministroen Kontseiluaren ezohiko bilera egiten izan da Madrilen, Moncloan. Eguerdian bukatu dute, eta neurri historikoaren berri eman du.

Ehunen bat aire kontrolatzaile epailearen aurrera eraman ditzakete. Zigor aukerak: sei hilabete eta sei urte arteko kartzela. AENArekin dituzten desadostasunak agerian uzteko utzi zioten lanari atzo arratsaldean hainbat aireko kontrolatzailek, osasun arazoak argudiatuta.

AENAk goizean jakinarazi du haietako erdiak lantokira itzuliak zirela, baina gehienak ez zirela ari lanean. Loiuko, Forondako, Hondarribiko eta Noaingo kontrolatzaileak, adibidez, goizetik euren postuan zeuden, baina aire trafikoak itxita jarraitzen zuen 15:30ean. Aireportuak 13:00etan zabalduko zituztela esan du goizean AENAk, baina ordubietan adierazi du 19:00ak arte atzeratuko zutela irekiera. 15:45ean bestelako albistea eman du: zabaldu dutela aire eremua.

Hala ere, berri hori baino lehenago zenbait tokitan izan dira lehen mugimenduak -Euskal Herrikoetan ez-; batik bat, hegazkin batzuen iritsiera kasuetan.

Loiun gaurko 90 hegaldietatik 87 geratu dira bertan behera, Forondan 11, Hondarribian sei eta Noainen hiru. Hondarribiko eta Noaingo arduradunek jakinarazi dute bihar arte ez dela hegaldirik izango eurenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.