ESPAINIAKO GOBERNUA. ALDAKETAK. Ramon Jauregik «gogo handiz eta leialtasunez» lan egingo duela zin egin du

Parlamentuko taldeekin harremanak izatea eta ministerioen arteko koordinazioa izango da haren zeregina

joxerra senar
Iruñea
2010eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Ibilbide politiko luzearen ostean, azkenean saria jaso du Ramon Jauregik. Atzo aitortu zuenez, Jose Luis Rodriguez Zapaterok telefono dei bakarra egin behar izan du baiezkoa jasotzeko. Presidentetzako ministro izateko eskaintza «harrotasun handiz» jaso duela aipatu du, baina era berean, Espainiako Gobernuarentzat garai zailak izanda, erantzukizunak «apur bat abaildua» duela ere onartu du. Dena den, zin egin du «gogo handiz eta leialtasunez» lan egingo duela: «Dakidan guztia ahalik eta hobekien egiten ahaleginduko naiz, nire alderdiaren, gobernuaren eta herrialdearen alde».

Estrasburgoko (Frantzia) Europako Parlamentuaren egoitzan azaldu du hemendik aurrera bere zeregina, «batez ere» Espainiako Gorteetako parlamentu taldeekin harremanak izatera eta ministroen kontseilu aurretik gobernuko ministerioen arteko koordinaziora bideratuko dela. «Pentsatzen dut nire arduren artean ere egongo dela komunikazio politikorako zereginen bat, baina egin beharrekoa hurrengo egunetan ikusiko dut».

Besteak beste, lan arloko zuzenbidean espezializatua dagoenez, Lan ministro izendatuko ote zuten zurrumurruak zeuden azkenaldian, baina azkenean are erantzukizun handiagoa hartuko du, kargu politikoagoa izango baita.

Horretarako, Brusela utzi beharko du. Iazko ekainetik da europarlamentari, eta orain legebiltzarrari agur esan beharrak «tristezia handia» eragin diote: «Etxe honen erritmora eta ondare politikora eta juridikora egokitzea kostatu egin zait, eta neurria hartu diodanean, alde egin behar dut. Bizitza horrelakoa da».

Soslaia

RAMON JAUREGI

Erbestetik lehen lerro politikora

PSOErekiko leialtasuna eta karguekiko malgutasuna ezin zaizkio ukatu Ramon Jauregi donostiarrari. Alderdiak nora agindu, han izan da beti: hasieran Donostiako udal politikan, 1983an Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari, Ardanzaren lehen agintaldian EAEko lehendakariorde, 1991n legebiltzarkide, 1995ean Ekonomia sailburu... 2000an, berriz, Espainiako diputatu, harik eta duela urte eta erdiPSOEk Europako Parlamenturako hauteskunde zerrendan bigarren hautagai gisa aurkeztea proposatu arte. Baiezkoa eman zuen, eta, hark definitu bezala, Bruselako «elefanteen hilerrira» egin zuen jauzi. Arantzatxo bat baino ez zaio geratu iltzatuta, dena den: Gobernuko betiereko ministrogaia izan da, baina Moncloako ateak itxita izan ditu, atzo arte. Zapateroren deiari erantzunez, Bruselako erbestetik lehen lerro politikora itzuli da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.