ESPAINIAKO GOBERNUA. ALDAKETAK. Zapaterok dio ezker abertzalearen urratsak ez direla «alferrik» izango

ETAren amaiera «zaila eta korapilatsua» izango den arren Gobernuaren lehentasuna dela esan du Rodriguez Zapaterok

Oihana Elduaien Uranga.
2010eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Ezker abertzaleak urratsak egin dituela onartu du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak. Pauso horiek ez direla «alferrik» izango jakinarazi du, nahiz eta «orain» ez zaizkion «nahikoak» iruditzen. «Datu oso erabakigarriak daude», esan du. Krisi ekonomikoak eraginda, legegintzaldi gogorra izaten ari da hau Zapaterorentzat, eta atzo jakinarazi zuen legegintzaldiaren hirugarren txanparako Gobernua berrituko duela. Ministerioen zenbakia 15era gutxitu du, eta berebiziko protagonismoa eman dio Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroari: lehengo arduraz gain lehendakariordetza ere berari eman dio -Maria Teresa Fernandez de la Vegaren esku zegoen hura lehen-.

Erabaki horrek badu zerikusia Euskal Herriarekin. ETAren amaierara bidean «hain une garrantzitsua den honetan» Rubalcabaren papera berebizikoa izango dela uste baitu Zapaterok. Zuhurtasuna izan behar dela esan du ETAren amaiera 2012an , legegintzaldia bukatu aurretik gertatzeko aukeraz galdetu diotenean. Baina erakunde armatuaren amaiera «zaila eta korapilatsua» izango den arren aitortu du horixe dela gobernuaren lehentasuna. Nolanahi ere, ETAren amaieraz bakarrik mintzatu da gobernuburua, eta gatazka politikoa aipatu ere ez du egin.

Azkenaldian ETAren kontrako borrokan «aurrerapen handiak» egin dira, Zapateroren hitzetan, eta hori, hein handi batean, Espainiako Barne Ministerioaren, Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren meritua izan dela uste du. Azkenaldian «inoiz baino emaitza hobeak» izan dituztela dio, eta, horregatik, «lehenbailehen» amaitu nahi du erakunde armatuarekin.

Hainbat aldaketa eginda, ondo komunikatuko den eta «sendotasun politiko» handia izango duen gobernua osatzen saiatu da Zapatero, Espainiako Aurrekontuen osoko zuzenketak atzera bota ostean, eta EAJrekin akordioa lortuta Gobernuaren egonkortasuna lortu ondoren. «Erreformen gobernua izango da, ekonomiaren suspertze erabatekoa eragingo duena, eta lanaren berreskuratzea ekarriko duena». Zapateroren ustez, garai berri bat abiatuko da Gobernu aldaketarekin, eta aro horretan «funtsezkoa» iruditzen zaio herritarrei ongi esplikatzea Gobernuaren ekintzak.

Raxoi hauteskunde eske

Mariano Raxoi oposizioburuari (PP) ez zaizkio gustatu Zapateroren hitzak, ezta hark egin duen Gobernu aldaketa ere. Haren ustez, aldaketak utzi, eta hauteskundeetara deitzea da Zapaterok egin beharrekoa. «Alferrik da musikariak aldatzea, orkestrako zuzendaria eta partitura aldatzen ez diren bitartean».

«Alferrik izango ez direnak Zapateroren hanka sartzeak izatea espero dut», esan zuen, gobernuaren hitzak entzun eta berehala. Aurreko legegintzaldian ETArekin elkarrizketak egin izanaz ari zen Raxoi, berak argitu zuenez. Ezker abertzalearen urratsak «alferrik» ez direla izango esan du Zapaterok, eta horrek «ezinegona» sortzen diela esan zuen Raxoik. Inorekin negoziaketarik ez dela egin behar azpimarratu du: «Inporta zaigun bakarra da ETAk agiria ateratzea erakunde gisa desagertu egin dela esanez, jendea hiltzeari utziko diola eta giza eskubideak errespetatuko dituela jakinaraziz». Haren alderdia Gobernuak egiten duena «zelatatzen» egongo dela ohartarazi du.

Bestelako iritzia du Iñigo Urkullu EAJren EBBko buruak. Legegintzaldia amaitu arte geratzen den denbora bakea lortzeko «aprobetxatzeko» deia egin du. EAJk eta PSOEk aurrekontuen inguruan akordioa lortu ostean jeltzaleek egonkortasuna eman diote Espainiako Gobernuari, eta horretaz gain «bakerako eta bizikidetza politikoaren normalizaziorako garaia» ere abiarazi dutela nabarmendu du EBBko buruak. Legegintzaldia amaitzeko geratzen den denbora guztiek aprobetxatu behar luketela uste du, «eta bereziki Batasunak».

Jaurlaritzak ETAren kontrako borrokan betiko bidetik jarraitzeko asmoa duela esan du, bestalde, Idoia Mendia bozeramaileak, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. «Historiako ahuldaderik handienean» dago erakunde armatua, haren irudiko, eta amaiera «erdi ikusi» egiten dela dio. «Jaurlaritzatik ez dugu orain arteko bidea aldatuko, terrorismoaren kontra tinko arituko gara, komandoak atxilotuko ditugu eta justiziaren esku utziko».



Gobernua

MINISTRO BERRIAK

Alfredo Perez Rubalcaba. Barne ministroa izateaz gain, Gobernuko presidenteordea eta eleduna. Maria Teresa Fernandez de la Vega Estatu Kontseilura igaro da.

Ramon Jauregi. Presidentetza ministroa.

Rosa Aguilar. Ingurumen ministroa.

Valeriano Gomez. Lan ministroa

ALDAKETAK

Trinidad Jimenez. Osasun ministro zen, eta Atzerri ministro izango da, Miguel Angel Moratinosek kargua utzita.

Leire Pajin. Antolakuntza idazkari zen lehen, eta Osasun ministro izango da orain.





Lopezek alderdiekin hitzorduak egin dituaste honetarako

ETAren amaieraren inguruaz aritzeko alderdiekin elkarrizketa diskretuak hasiko zituela esan zuen Patxi Lopez Jaurlaritzaren lehendakariak, eta, berri agentzien arabera, aste honetan egingo du bilera txanda Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiekin. Ezker abertzaleko ordezkariekin ez zela elkartuko esan zuen Lopezek, «ez delako indarkeriatik aldendu». Bilerak «diskretuak» izango direla iragarri zuen, «demokraten arteko batasuna ahultzen baita bestela, terroristen aurka». Pello Urizarrek (EA) esan zuenez, atzo goizean ez zuten hitzordurik oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.