Santa Maria de Garoñako zentral nuklearraren itxiera ez da behin betikoa. Espainiako Gobernuak araudia aldatu du, eta aukera emango dio Nuclenorri 2014ko uztailaren 6a baino lehen zentrala martxan jartzeko tramiteak hasteko. Horretarako 2013ko uztailaren 6an amaitu zen ustiapen baimena berritzeko eskatu beharko du.
Espainiako Ministroen Kontseiluak errege dekretu bat onartu du gaur eguerdian araudi aldaketa ahalbideratzeko. Arau horren bitartez, ordea, ez du hondakin nuklearren kudeaketarako araudia zehazten; Instalazio Nuklear eta Erradioaktiboen Arautegia ere aldatu du Garoñako baimena berritu ahal izateko.
Aldaketa horren bitartez zehaztu dute, besteak beste, ustiapen baimena bukatu ondoren urte bateko epea izango dutela zentral nuklearren jabeek ustiapen lizentzia berritu ahal izateko, betiere arazo ekonomikoengatik utzi badute baimena bukatzen. Hori da, hain zuzen ere, Nuclenorrek errepikatu duena 2012ko abenduaren 16an zentralak argindarra sortzeari utzi zionetik.
Nuclenorrek, Garoñako zentralaren jabeak, "positiboki" baloratu du araudi aldaketa. Ordea, ez du argitu zer egingo duen. Baldintza berriak baloratuko dituela azaldu du, eta, ondorioen arabera, baimena berritu edo ez erabakiko duela.