TORTURA

Espainiako Gobernuak dio "bakarrik" bederatzi aldiz zigortu duela Estrasburgok

Porturen eta Sarasoaren auzian, argudiatu du lesioek ez zutela utzi ondoriorik.

Iruñean Torturaren Aurkako Egunez eginiko elkarretaratze bat. IñIGO URIZ / FOKU
jon olano
2018ko martxoaren 28a
09:52
Entzun

EH Bilduko senatari Jon Iñarrituk galdetu zion Espainiako Gobernuri zein ondoriotara iritsi den Giza Eskubideen Europako Auzitegiak torturengatik ezarritako zigorrez, eta idatziz erantzun dio PPren gobernuak. Nabarmendu du ETAk 900 lagun inguru hil zituela eta, ETAren aurkako jardunean, herritar asko atxilotu dituztela. Madrilen esanetan, ordea, "epe horretan, soilik bederatzi aldiz" zigortu du Estrasburgoko auzitegiak Espainiako Estatua. Gainera, azpimarratu du zigor horietako gehienak "gomendioak" direla tortura ikertzeko prozesua "zabalagoa" izan zedin.

Otsailean ezagutarazi zuen auzitegiak Igor Portu eta Mattin Sarasola ETAko kideen aurkako torturen inguruko ebazpena. Lehen aldiz, Espainia zigortu zuen ez torturak ez ikertzeagatik, bi atxilotuei tratu txarrak emateagatik baizik. Horren aurrean, Espainiako Gobernuak Iñarrituri erantzun dio lesioak "epe motzean" sendatu zirela eta ez zutela ondoriorik utzi.

Halaber, Iñarrituk gobernuari galdetu zion zergatik jarri duen helegitea torturak ikertzeko Nafarroako Gobernuak eskatutako txostenaren aurka. Espainiako Gobernuak argudiatu du "botere banaketaren printzipioari" eusteko jarri duela helegitea, botere judizialari baino ez dagokiolako delituak ikertzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.