Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) Gernikako Akordioarekin bat egin izana "pauso garrantzitsua " dela adierazi du Jose Blanco Espainiako Gobernuko bozeramaileak, baina gaineratu du ETAk oraindik ez duela esan behin betiko desagertu dela eta gizarteak hori exijitzen duela.
"Gobernuak uste du gertaera berri baten aurrean gaudela, ETAko presoek lehen aldiz egin dutelako horrelako pausoa, baina ez da behin betiko pausoa, ez da gobernuak eta gizarte osoak nahi duen behin betiko pausoa; hau da, ez da ETAren desagerpena", esan du gaur goizean Blancok.
Antzeko adierazpenak egin ditu Manuel Chaves gobernuko presidenteordeetakoak. Hark ere EPPKrena "pauso garrantzitsua" dela esan du, "baina ETA desagertzeko oraindik eskailera batzuk falta dira igotzeko".
Francisco Caamaño Justizia ministroak, Leire Pajin Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasunekoak eta Angeles Gonzalez Sinde Kulturakoak ere azaldu dute "albiste ona" dela. "Ea bakera eramaten gaituen", aipatu du Sindek.
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuaren iritziz, "albiste ona" izateaz gain, erakunde armatua amaitzeko "beste urrats bat" da Euskal Preso Politikoen Kolektiboak emandakoa. "ETAk bere jarduera terrorista oro uzteko lanean gogor segitu beharra dugu". Aresen ustez, "zuzenbide estatuaren jokabidearen ondorioz" dago gaurko egoera.
Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak adierazi du "demokratak konforme" egoteko gauza bakarra, "ETA baldintzarik gabe desegitea" dela.
Espainako Gobernuari deia EAJk eta Bilduk
Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidenteak "arriskatzeko garaia" dela esan dio Urkulluk Espainiako Gobernuari. EBk iritzi dio EPPK-ren erabakia "historikoa" dela, "ETAren bukaeraren atarikoa".
Bilduren ustez, "Euskal Herrian zabaldutako bake eta normalizazio prozesuan ekarpen positiboa da", eta azaldu du euskal gizarteak "Espainiak inmobilismoa" utzi dezan lortuko duela. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia "baikor" agertu da, "eta bada garaia Espainiako Gobernuak pausoak emateko".
Akordioa, “gatazkari behin betiko konponbide integrala emateko” erreferentzia
EPPK-k gaur BERRIAk ateratako agirian dio Gernikako Akordioa “eszenatoki demokratikoa gauzatze bidean erreferentzia” dela, eta itunaren edukien arabera jokatuko duela aurrerantzean: “Gatibu gauzkaten estatuek inposatzen dizkiguten muga eta traba guztien gainetik, EPPK-k, Gernikako Akordioaren baitan eta Gernikako Akordioaren edukiaren arabera, prozesu demokratikoan aurrera bultzatzeko konpromiso irmoa azaltzen du”. Izan ere, EPPKren iritzian, “gatazkari behin betiko konponbide integrala emateko” erreferentzia da akordioa, sortu zen unetik.
Euskal presoek prozesuan parte hartu behar duela azpimarratu dute kolektiboko kideek. “Umiltasun osoz baina erabateko konbentzimenduaz diogu hau: Gure herriak pairatzen duen gatazkaren konponbidea bera irudikatu eta lortu ahal izateko saihestezineko eragiletzat dugu gure burua”.
Igandean urtebete akordioak
Bihar —irailak 25— beteko da urtebete Euskal Herriko hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialek Gernikako Akordioa sinatu zutela. Gernikan bertan ekitaldia egingo dute igande eguerdian, eta han gauzatuko da EPPK-k itunarekin bat-egitea.
Sinatzaileek akordioan ETAri su-etena emateko eskatu zioten, "jarduera armatua behin betiko uzteko borondatearen
erakusle gisa". Euskal presoen eskubideen aldeko hainbat eskakizun egin zituzten, eta eskubide zibilak ere aintzat hartzeko galdegin zuten. Halaber, "akordio politikoak lortzeko negoziazio prozesua" aldarrikatzen dute.