Espainiako Gobernuak dio «tinko» eutsiko diola orain arteko estrategiari

Rubalcabak adierazi du poliziek ez dietela legez kanpoko erakundeei «suspertzen» utziko

Erredakzioa
2011ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
ETAren su-eten adierazpenek eta ezker abertzalearen urratsek ez dute Espainiako Gobernuaren jarrera aldatuko. Hala mintzatu da Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Barne ministroa atzoko atxiloketen harira eginiko agerraldian. Rubalcabaren arabera,atxiloketekin agerian geratu daEspainiako Gobernuak «tinko eta sendo» jarraituko duela «ETAren kontrako borrokan».

Francisco Caamaño Justizia ministroak Rubalcabaren hitzak berretsi ditu, eta Espainiako Gobernuak orain arte egin duenbide beretik jarraituko duela adierazi du. «Ez da elkarrizketarik egongo. Orain arte emaitza onak eman dizkigun bide beretik jarraituko dugu».

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuaren arabera, atzoko polizia operazioak agerian utzi du estatuko segurtasun indarrak eta Ertzaintza ez daudela «tregoan». Mezu bat bidali die ETAko eta ezker abertzaleko kideei: «Ekimen terrorista behin betiko uzten ez badute, polizia atzetik izango dute».

Rubalcabak azaldu duenez, Guardia Zibilak eta Poliziak eginiko operazioen helburua da legez kanpo dauden erakundeen lana trabatzea. «Ekinen eta Askatasunaren kontra egindako operazioekin ez diete legez kanpoko erakundeei suspertzen utziko», adierazi du. Barne ministroak azaldu duenez, Ekinen zeregina da «ETAren ideiak ezker abertzaleari sinetsaraztea». Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, berriz, «espetxe politikan gobernuari presioa egitea» helburuduela esan du.

«Argi dago ez dela ETAren inguruarentzat gau ona izan», adierazi du. Operazioaren atzean asmo politikorik dagoenik ukatu du, eta operazioen datak epaileek jartzen dituztela nabarmendu.

«Esanahi sinbolikoa»

Atxilotuen artean Iker Moreno Txelui Moreno ezker abertzalearen bozeramailearen semea dagoela eta, Rubalcabak esan du horrek ez duela esanahi berezirik eta Guardia Zibilak «denak berdin» tratatzen dituela, «abizena edo harreman pertsonalak kontuan izan gabe».

Espainiako Gobernuko Presidentziako ministro Ramon Jauregirentzat, ordea, Iker Morenoren atxiloketak «esanahi sinbolikoa» du. Jauregiren aburuz, Txelui Moreno «indarkeriaren amaiera aldarrikatzen duen ezker abertzaleko kide esanguratsuenetako bat» da, eta haren semea Ekineko kide da. «Ziurrenik gatazka armatua jarraitzeko sektoreko kidea da». Jauregik adierazi duenez, bereizketa horrek agerian uzten du ezker abertzalearen barnean «tentsio dialektikoa» dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.