Kale erasoengatik ezarritako zigorrak gogortzeko bidea hasi du Espainiako Gobernuak. Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak baieztatu duZigor Kodea aldatuko dutela kale erasoak egiten dituztenen aurkako neurriak handitu ahal izateko. Erreforma ezartzeko urratsak zehaztuta dauzka gobernuak, Barne ministroaren arabera, eta urtea amaitu aurretik prest izango du legedi berria. Zigor Kodearen erreformarekin, kaleko istiluetan parte hartzeagatik ezarritako gutxieneko kartzela zigorra bi urtekoa izango da, fiskalek behin-behineko espetxealdia eskatu ahal izango dute eta epaileek eskaera horiek onartzeko bidea izango dute, Barne ministroak jakinarazi duenez.
Ministroen Kontseiluak Zigor Kodearen erreforma uda aurretik onartzea da gobernuaren asmoa, eta ondoren ekitea Kongresuko tramitazioari. Urtea amaitu orduko, Zigor Kode berria prest izango luke PPren gobernuak. Barne eta Justizia ministerioak elkarlanean ari dira azken hilabeteotan erreforma martxan jartzeko, baina joan den osteguneko greba orokorrean Espainiako Estatuan izandako istiluen ondotik azkartu egin dute prozesua.
Araudi berriarekin, kalean gertatzen den edozein eraso egun kale borroka gisa jotzen diren ekintzen pare epaitu nahi ditu gobernuak. Fernandez Diazen arabera, Espainia ez da horrelako neurriak hartuko dituen herrialde bakarra,Frantziak eta Erresuma Batuak ere Zigor Kode zorrotzak dituztelako. Azaldu duenez, herrialde horietan bezala jokatu nahi dute Espainian ere; bereziki, «sistemaren aurka» aritzen direnen kontra jotzeko orduan: «Sistemaren aurkakoek planifikatutako indarkeria erabiltzen dute, eta gero zigorrik gabe gelditzen dira. Gainera, biktimak direla esaten dute ondoren».
Barne ministroak azaldu duenez, erreformari esker, epaileek, fiskalek eta segurtasun indarrek «tresna egokiak» izango dituztekale erasoei aurre egiteko.
Epaile eta fiskalen iritzia
Epaile eta fiskalen elkarte guztiak, ordea, ez datoz bat erabaki horrekin. JpD Demokraziarako Epaileak elkarteak uste du gobernuaren asmoa «egoerak» baldintzatuta dagoela eta ez dela beharrezkoa, indarrean dagoen Zigor Kodeak hiru urteko kartzela zigorrak ezartzea aurreikusten duelako kalean «desordenak» eragiten dituztenen aurka. Ideia berekoa da UPF fiskalen elkarte progresista ere. Matia Moreto elkarteko presidentearen iritziz, «oso arriskutsua» da iritzi publikoa «lasaitzeko» arauak egitea. Moretok uste du, gainera, Egun indarrean dauden tresnek balio dutela.
APM epaileen elkarteak, ordea, txalotu egin du kale erasoak egiten dituztenen zigorrak gogortzea. Haren ustez, zigor handiagoak jarri beharko litzaieke «hiriak hankaz gora jarri» eta herritarrak «zauritzen» dituzten pertsonei. FJIForo Judicial Independiente fiskalen elkarteko eledun Angel Doladok ere egokitzat jo du erreforma.
Espainiako Gobernuak kale erasoen zigorrak gogortzeko bidea hasi du
Madrilek Zigor Kodea erreformatuko du, edozein kale eraso kale borroka gisa epaitua izan dadin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu