euskal herria

Espainiako Gobernuak, protestak jomuga

Ostiralean du onartzekoa Espainiako Gobernuak ministro kontseiluan Herritarren Segurtasunerako Legearen aurreproiektua. 55 artikulu dituen lege egitasmoa da.

Bardeako tiro eremuaren aurkako martxa, ekainean. J. MANTEROLA, ARP
jon ordonez garmendia
2013ko azaroaren 19a
17:38
Entzun

Lehendik ere Hego Euskal Herrian ordainarazten zaie gurasoei adingabeek eragiten dituzten kalteak kale borrokaren auzietan. PPk onartu nahi dituen beste arau batzuk, ordea, berriak dira, eta eragin nabarmena izan dezakete Hegoaldeko hainbat protesta ekitalditan.

Greba orokorrak eta 'herri harresiak': azken urteetan ohikoak dira piketeei jazartzen zaizkien polizien irudiak greba orokorrak egiten diren egunetan. Legeak, baina, polizien intimitatea aitzakia hartuz, horien argazkiak eta irudiak erabiltzea zigortu nahi du, "horiei burla eginez gero edo euren segurtasuna arriskuan jarriz gero". Intimitatearen argudioak, ordea, zabal interpretatzeko aukera ematen du, eta kolokan jar dezake polizia baten aurpegia ikusten den edozein irudi, bai sarean baita prentsan ere. Herri harresia eta M-15 bezalako ekimenei eragin diezaieke, baita poliziaren indarkeria salatzeko helburua duen beste edozein ekimeni ere. Orain dela gutxi Kataluniako mossoek Bartzelonako Gayexampleko enpresari bat nola hiltzen zuten erakusten duen bideoa ere delitu izan daiteke, polizien intimitatea urratzen duela ebatziz gero.

Bardeako eta Garoñako martxak: legea onartuz gero, zenbait azpiegituretara manifestazioak egitea zigortuko du gobernuak. Zehaztasunetan sartu gabe, kolokan jar ditzake horrek urtero Bardeako tiro eremura eta Garoñako zentral nuklearrera egiten diren martxak.

Traktore eta auto ilarak: PPk onartu nahi duen legeak eskumena ematen die poliziei errepideak oztopatzen dituzten ibilgailuak hortik ateratzeko, protesta egileek agindu horri kasu egiten ez badiote. Modu horretan, aurrerantzean traktore edo auto ilarak disolbatzeko eskumena izango dute. Traktore ilarak ohikoak izaten dira nekazarien protestetan, eta auto ilarak, besteak beste, sindikatuen protestetan.

Eraikin publikoak eskalatzea: ohiko protesta mota izaten da salaketa bat egiteko nonbait zintzilikatzea. Horrela aritu izan dira Euskal Herrian presoen aldeko ekintzaileak, AHTaren kontrakoak eta Greenpeace, besteak beste. Aurrerantzean delitu izango da hori legea onartzen bada.

Txistuak kirol ekitaldietan: legeak aurrera eginez gero, ikusi beharko da aurrerantzean Espainiako ereserkiari edo erregeari txistu egiten diotenen kontra nola jokatzen duen estatuak. Kirol ekitaldietan ordena publikoaren kontra egitea zigortu nahi du lege berriarekin, eta horrek delitugile bihur ditzake, adibidez, Espainiako futbol edo saskibaloi kopako finaletan txistu egin zuten zaleak.

'Escrache'-ak: Desjabetzeak direla eta, ohikoak izan ziren orain dela hilabete batzuk zenbait politikariren etxebizitzen edo lantokien aurrean eginiko protesta zaratatsuak. Legearekin PPk horiek debekatu nahi ditu, eta horretarako poliziak eskumena izango du kalean "segurtasun eremuak" ezartzeko. Eremu horietan pertsonak biltzea debekatuta egongo da. Legeak ez du zehazten, gainera, eskubide hori zer protesta ekitalditan izango duen poliziak, eta herri harresietara ere zabaldu daiteke, leku zehatz batean biltzen direnak delitugile bihurtuz.

Baimendu gabeko bilkurak Eusko Legebiltzarraren eta Nafarroako Parlamentuaren aurrean: azken hilabeteetan ohikoa izan da, CANeko dieten auzia dela eta, Nafarroako Parlamentuaren aurrean protesta ekitaldiak egitea. Eusko Legebiltzarraren aurrean ere behin baino gehiagotan bildu dira zenbait enpresatako langileak krisia dela-eta irtenbide bat eskatzeko asmoz. Horrelakoak egitea zigortuko du onartu nahi duten lege berriak baimenduta ez badaude. Normalean hautetsiak ganberan daudenean egiten dira protesta horiek, baina ez daudenean ere beharrezkoa izango da baimena. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.