Politika

Espainiako Gobernuak uste du Europak tramitera onartuko duela Batasunaren eskaera

Antonio Camacho Espainiako Estatuaren Segurtasun idazkariak dio Estrasburgoko epaitegiak berretsi egingo duela legez kanporatzearen erabakia. Batasunak iritzi dio Europak "zerbait" egin beharko lukeela, "eskubideen ukazioa dagoelako". Jaurlaritzaren ustez, "oso esanguratsua" izango da eskaera tramitera onartzea.

2007ko abenduaren 11
17:57
Entzun
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak oraindik ez du erabaki ilegalizazioaren kontra Batasunak aurkeztutako eskaera tramitera onartu edo ez, "baina [Espainiako Gobernuaren] Barne Ministerioak uste du onartuko dutela", gaur Antonio Camacho Espainiako Estatuaren Segurtasun idazkariak esan duenez.

Batasunaren eskaera aztertzeak "interesa" duela iritzi dio Camachok, legez kanporatzearen erabakia "epaitegi guztiek berresteko. Hala egin zuten Espainiako auzitegi denek eta, dudarik gabe, hala egingo dute nazioartekoek ere".

Atzo El Mundo Espainiako egunkariak zioen Batasunak aurkeztutako helegitea tramitera onartzea erabaki duela Estrasburgoko epaitegiak. Honek gero adierazi zuen oraindik ez duela erabakirik hartu.

Marije Fullaondo Batasunaren mahaikideak gaur esan du beraiek behintzat, ezer ez dakitela. "Dena dela, Europak zerbait egin beharko luke, eskubideen ukazioa dagoelako". Europako hainbat herrialde Espainia baino "demokratikoagoak" direla uste du Batasunak.

Eusko Jaurlaritzaren iritziz, "oso esanguratsua da" Estrasburgok Batasunaren eskaera aztertzea erabakitzea. "Badirudi hartuko duela", adierazi du Miren Azkarate Jaurlaritzaren bozeramaileak, gaur. "Ideiak legez kanpo uztea ez da behin ere irtenbidea izan. Indarkeriaren aurka borrokatzen zara, terroristak epaitu eta zigortu egiten dira, baina ideia politikoak ez dira legez kanpo utzi behar".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.