Euskal Herriko egoera

Espainiako Gobernuari aurre egiteko "estrategia nazional" bat ezinbestekoa dela berretsi du Otegik

Euskal Herriaren etorkizuna bermatzeko "gatazka gainditu" nahi duten eta "herriaren hitza eta erabakia" errespetatzeko prest dauden guztien arteko hitzarmena behar da, ezker abertzaleko bozeramaile Arnaldo Otegiren iduriko. Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan esan duenez, Ibarretxe Plana murritza da, besteak beste, eztabaidarako aukerarik ez duelako ematen.

2003ko uztailaren 22a
18:48
Entzun
Hiru baldintza ezarri dizkio Otegik Ibarretxe Planari ezker abertzalearen sustegua jasotzeko: batetik, Euskal Herri osoa sujetu politiko gisa hartzea; bestetik, benetako autodeterminazio ariketa bat proposatzea. Azkenik, planaren eztabaida gizarteratzea; hau da, "Euskal Herrian sinesten" dutenen, "eraiki" nahi dutenen, eta haren "hitza eta erabakia" errespetatzeko prest dauden guztien arteko eztabaida oinarri izatea.

"Ibarretxek elkarrizketa bahituta dauka; inork ezdu plana ezagutzen. Guk dakigula, ezta gobernuan kide dituenek ere. Euskal Herriak ez du Ibarretxe Plana behar, euskaldun guztien artean egindako plan bat baizik", adierazi du Otegik. Ildo horretatik, eztabaida eta plan proposamen horrek ez duela alderdietara mugatu behar nabarmendu du: "Euskal Herrian sinesten dugun guztion artean egin beharko litzateke eztabaida. Zergatik? Kooperatibek ere badutelako zeresana Euskal Herriaren etorkizunari buruz, edo ikastolek, edo euskararen munduak… Herri prozesu demokratiko bat egin behar da, eta mundu guztiak parte hartu behar du. Ahal dela, sintesi bat lortu beharko litzateke prozesu horren amaieran, eta autodeterminazio eskubidea da sintesi hori lortzeko ardatza".

Azken batean, "estrategia nazional" bat ezinbestekoa iruditzen zaio Otegiri Espainiako Gobernuaren dinamikari aurre egiteko. "Euskal Herri barneko herrialdeen erritmoak errespetagarriak dira, eta errespetatuko ditugu, baina estrategia nazional bat beharrezkoa da. Estatu politika bat egin behar dugu euskaldunok Espainiako Estatuaren politikari erantzuteko". Ildo horretatik, Aznarren Gobernua "beldurtuta" dagoela iruditzen zaio ezker abertzaleko bozeramaileari, "Euskal Herriarekiko gatazka politikoa galdu egin baitute".

Mexikon eta Bizkaian egin berri den polizia operazioari dagokionez, berriz, funtsik gabekoa dela iritzio dio Otegik: "Operazio mediatiko bat".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.