Dekretua sinatzearekin batera desegin dituzte Espainiako Kongresua eta Senatua. Hauteskunde deialdia asteartean argitaratuko dute Espainiako Aldizkari Ofizialean, eta abenduaren 4ko gauerdian hasiko da hauteskunde kanpaina.
Espainiako Konstituzioaren arabera, ministroen kontseiluarekin eztabaidatu ondoren deitu behar du bozetara Espainiako Gobernuko presidenteak. Deialdia hauteskundeak baino 54 egun lehenago egin behar da, eta, beraz, gaur izenpetu du dekretua Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak.
Ondoren eginiko agerraldian, legealdian eginiko lana defendatu du Rajoyk, eta etorkizunera begira jarri da. Ohartarazi du PPrentzat ez dela lehentasunezkoa konstituzioa aldatzea, eta uste du gizarteak ere ez duela horrelakorik eskatzen; hortaz, PPk ez du hauteskunde programan konstituzioaren erreforma proposamenik txertatuko. Hala ere, gainerako alderdiek gai horren inguruan egin ditzaketen proposamenak entzuteko prest agertu da.
Urtarrilaren 13an osatuko dituzte kongresua eta senatua berriro ere, abenduaren 20ko hauteskundeak egin ondoren. Hauteskunde egutegiaren arabera, azaroaren 6rako eman behar dute alderdi politikoek koalizioen berri, eta hilaren 11tik 16ra bitarteko epea izango dute barruti bakoitzeko hautagaitzen berri emateko. Azaroaren 18an argitaratuko dira hautagaitzak.