ESPAINIAKO GORTEETARAKO HAUTESKUNDEAK. Baldintzarik gabeko elkarrizketa irekia hitzeman du EAJk

Hemendik aurrera aro berri bat hasiko dela uste du, eta PSOErekin hitz egiteko prestasun osoa agertu du

Erredakzioa
2004ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
«Baldintzarik gabeko elkarrizketa irekirako» konpromisoa hartu du Josu Jon Imaz EBBko lehendakariak. Hala adierazi zion atzo Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente hautatu berriari. «Estatuan dauden nazionalitateak» onartzeko eskatu zuen, eta, ildo horretan, PSOEk zein estatu eredu nahi duen zehaztu beharko duela esan zuen. «Nazionalitateak aitortzea oso garrantzitsua izango da euskal gizarteak eta Espainiak etorkizunera begira eduki nahi duten harremana hitzartzeko eta nazionalitate askotariko estatuan Euskadik izan dezakeen lekua eztabaidatzeko», esan zuen Imazek.

Adierazpenok atzo Bilbon egin zuen agerraldian egin zituen. Aldez aurretik, igandean bertan, Zapaterorekin hitz egin eta zorionak eman zizkiola esan zuen. Baina, esan zuenez, ez zuten beste ezertarako betarik hartu. Gainera, bere ustez, Zapaterori dagokio alderdiekin hitzordua jartzea: «Herritar gehienen konfiantza berak eskuratu du, eta berari dagokio gobernua zein eratara osatu nahi duen erabakitzea», esan zuen Imazek.Hauteskundeetako emaitzei erreparatuta, «euskal gizarteak eta espainiarrak aro berri bat abiatu izan nahi dute», Imazen iritziz, eta PPren «estrategia inposatzaileari» bizkarra eman diote. Hori dela eta, EBBko lehendakariaren ustez, «aro berri bat hasiko da hemendik aurrera, eta garai berri horren ezaugarriak irtenbidea eta elkarrizketa izango dira». Aro berri honetan EAJk ekarpenak egiteko konpromisoa hartuko duela hitzeman zuen. Bestalde, bizikidetza izan zuen hizpide Imazek. Bizikidetza herri honetako herritar guztiak ordezkatzen dituen indarrekin lortu behar dela esan zuen, eta hori dela Eusko Jaurlaritza osatzen duen hirukoaren nahia jakinarazi zuen. Ildo horretan, euskal gizarteak elkarrizketaren eta irtenbideen alde egiten duela esan zuen Imazek, eta «Espainiako gizarteak klabe berdinekin» erantzun duela uste du Imazek.

«PP-PSOE alderdi bitasuna hautsi dugu»

Imazek eskertu egin zion euskal gizarteari EAJn jarritako konfiantza berretsi izana.

Iñigo Urkullu BBBko lehendakariak ere Imazen ildotik egin zituen adierazpenak Euskadi Irratian. Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban EAJk lortutako emaitzekin oso gustura agertu zen Iñigo Urkullu, «zazpi ordezkari lortu ditugu berriro; hori emaitza bikaina da, gure ustez», esan zuen. Bestalde, PP-PSOE alderdi bitasuna hautsi den erkidego bakarra izan dela nabarmendu zuen. Halaber, Ibarretxeren proposamenaren aldeko apustua berretsi zuen Urkulluk. «Argi eta garbi daukagu estatutu berri bat behar dugula, Espainiako Estatuaren eta Euskadiren arteko harremanak arautzeko. Katalunian ere nahi dute, eta han PSC dago gobernuan. Beraz, uste dugu PSOEk aukera ezin hobea duela Espainiako egitura instituzionala garai berrietara moldatzeko», adierazi zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.