Koldo Martinez eta Jokin Castiellak Nafarroa Baiko independienteek sortutako Zabaltzenen lehen agerraldi publikoa egin dute gaur; bertan, Zabaltzen Espainiako hauteskunde orokorretan egongo dela baieztatu dute. Martinezek esan du Zabaltzenen asmoa ez dela "jadanik nahasgarria den egoera bat gehiago nahastea" eta iragarri du jadanik hasi direla hainbat pertsona, eragile eta talde politikoekin harremanak izaten.
Martinezek argitu du eskaintza "eremu politiko osoari" irekia dagoela beti ere interes argia erakusten badute "Nafarroako herritarren ongizate eta interesarekin zerikusia duten gaiak eztabaidatuko diren foroetan parte hartzeko". "Badirudi badagoela jendea Madrilera euskaldunei eragiten dieten gaiak lantzen direnean soilik joan nahi duena eta hori ez da etorkizuneko politika egitea, iraganekoa baizik".
Agerraldian argi utzi dute Zabaltzen ez dela alderdi politiko bat, elkarte politiko bat baizik eta onartu dute koalizio bat egiteko gutxienez bi alderdi behar direla. "EAJk Nafarroa Bain jarraitzen du eta bere printzipioen alde egiten dihardu, eraz, proiektua aurrera ateratzeko beste alderdi bat falta zaigu" azaldu dute eta horretan lanean ari direla baieztatu dute.
"Beste aukerarik ez badago" hauteskundeetan NaBai beharrean beste sigla batzuk erabili beharko dituztela aitortu dute Martinez eta Castiellak baina horretaz hitz egiteko goiz dela esan dute. Azaldu dutenez sortu nahi duten "koalizio handian" sartu nahi duenak Zabaltzenen sortze batzarrean bildutako printzipioak onartu beharko ditu.