Zazpi auzipetuen izenean adierazpena irakurri du Joan Mari Torrealdaik, Martin Ugalde Kultur Parkean egin duten agerraldian. “Auziaren mataza erraldoia gero eta handiagoa egiten ari da, eta gelditzen zailagoa da, gero eta zailagoa izango da”. Auzia gelditu ezean, 18/98 sumarioaren gisako “epaiketa-sainete” batean amaituko dela ohartarazi dute. “Guretzat kalte, noski. Baina bere burua demokraziaren barruan kokatu nahi duen Estatuarentzat ere kalte, 18/98an bezala nabarmen geratuko baita epaituak ez duela berme juridiko oinarrizkorik. Denontzat kalte, beraz”. Etor litekeen balizko bake prozesu eta konponbide demokratiko bati ere kalte egingo lioke auzia epaiketara iristeak, auzipetuen hitzetan, “giro politiko honetan kasuak lekurik ez badu, epaiketa iritsiko litzatekeen unean guztiz lekuz kanpo egongo bailitzateke, etor litekeen bake prozesu baten aurkakoen bazka erraza bihurtuz”.
'Egunkaria' Aznarren gobernu garaiko “bultzada politiko batek” itxi zuela salatu dute, beste behin ere. Eta kezka agertu, euren ustez kasua konpondu beharko lukeen aurkako norabidean emaniko beste bultzada politikorik ez delako izan. Halaber, Espainiako Auzitegi Nazionalean inolako konfidantzarik ez dutela esan dute: “Zer konfiantza eskaini ahal digu duela hiru urte berak agindutako operazio batean Egunkaria itxi eta gu atxilotu, torturatu eta eta kartzelatu gintuen Auzitegi Bereziak? Zer konfiantza euskal auzietan beti bultzada politikoz jarduten duenean?”.
Hala, “inoiz baino ozenago”, auzia ixteko eskatu dute auzipetuek, eta hartarako lanean jarraituko dutela berretsi dute. Herritarrei, erakundeei eta eragileei ere deia egin diete zeregin horri lotzeko, “hori baita bide bakarra Egunkaria auzia epaiketara ez iristeko”.
Auzia artxibatzeko aukera bat galdu den arren, “zorionez” ez dela hartarako azken aukera esan zuten auzipetuek. Iñigo Iruin abokatuak azaldu zuenez, litekeena da laster ixtea ikerketa fasea, eta auzia ahozko epaiketara eraman edo ez erabaki beharko du ministeritza fiskalak orduan. Abokatuaren esanetan, atzoko erabakiarekin Juan del Olmo instrukzio epailearen irizpideei eutsi dei Zigor Salak. Egunkaria auzia ikuspegi politikotik ere baloratu beharrekoa dela adierazi arren, ikuspegi juridiko soiletik aztertuta, auzia itxi egin beharko litzatekeela sinetsita agertu da Iruin.
'Egunkaria auzia'
Espainiako justiziak “bidegabekeria zuzentzen hasteko aukera paregabea” galdu duela uste dute zazpi auzipetuek
'Egunkaria auzian' auzipetutako zazpi lagunek jarritako dei helegitea atzera botatzea eta auzipetzeekin aurrera egitea erabaki zuen atzo Espainiako Auzitegi Nazionaleko 2. Zigor Salak. Auzipetuen ustez, 'Euskaldunon Egunkaria' itxiz orain hiru urte Espainiako justiziak eginiko “bidegabekeria zuzentzen hasteko aukera paregabea galdu du” atzoko erabakiarekin. Halaber, adierazi dute Auzitegi Nazionalak muzin egin diela Eusko Legebiltzarrak, Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Kongresuko PP eta PSOE ez beste talde parlamentarioek, Europako Parlamentuko hainbat legebiltzarkidek eta euskal herritarren gehiengoak auzia artxibatzeko eginiko eskaerei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu