CGPJren afera

Espainiako justiziaren zenbait agintariren jarrera "eskandalagarria" dela dio Azkarragak

Joseba Azkarraga EAEko Justizia kontseilariaren arabera, Aginte Judizialeko Kontseilu Nagusiko presindentearen jarrera, Estatuko Fiskal Nagusiarena, eta beste maila batean Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko presidentearena "oso larriak" dira, eta asteotan esandakoak berretsi ditu gaur goizean Radio Euskadin. Azkarragaren ustez, CGPJak "mafiak bezala" funtzionatzen du.

2003ko uztailaren 17a
16:41
Entzun
"Hemen gertatzen dena da batzuk kritika egiten dugunean zuzentzeko eskatzen zaigula, eta instantzia guztiak jartzen dituztela hori horrela gerta dadin, baina beraiek esan dute nazionalistok EAEko Auzitegi Nagusiko presidente Manuel Zorrillari ez dakit zer eskaini diogula. Non dago orain Estatuko Fiskal Nagusia Zorrilla jaunaren ohorea salbatzeko?".

Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak Radio Euskadin egin ditu gaur adierazpen horiek. Haren arabera, Espainiako justiziaren zenbait agintariren jarrera "eskandalagarria" da.

Eskumenen banaketa

Ildo horretatik, Leopoldo Barreda PPko parlamentarioak esandakoak ere gogora ekarri ditu. Barredaren arabera, nazionalistek eta Eusko Jaurlaritzak zilegitasuna kendu nahi diote CGPjri, "gero beraiek euren gustukoa sortu ahal izateko". Azkarragak dioenez, Kontseilu Nagusi berri bat sortzea "aldarrikapen propio bat" da. "Botere exekutiboan eta legegilean deszentralizazioa eman da, eta zergatik ez da bada eman behar botere judizialean?Aldarrikapen legitimoa dela iruditzen zait", nabarmendu du Justizia sailburuak.

Ibarretxe Plana ere hizpide izan du Azkarragak, eta irailean gizarteratzen hasiko direla azaldu. "Ibarretxek bere plana jarri du mahai gainean, baina Espainiako Gobernuak ez du nahi bizikidetza eszenatoki berri bat ezagutu, bere lehen helburua konfrontazioa bilatzea baita", adierazi du. Azkarragaren ustez, proiektu honen alde ez daudenek ez dezatela esan ez duenik balio, "baizik eta eurek duten plana aurkez dezatela".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.