euskal herria

Espainiako kartzela batean sartu dute Jose Maria Bravo

Gipuzkoako Ogasuneko Irungo bulegoko zuzendari ohiari 11 urteko espetxe zigorra jarri zion uztailaren 23an herrialdeko auzitegiak, iruzurra egotzita. Soto del Realeko kartzelan sartu dute, epaia oraindik irmoa ez den arren.

2012ko abuztuaren 3a
16:27
Entzun

Jose Maria Bravo Gipuzkoako Ogasuneko Irungo bulegoko zuzendari ohia Soto del Realeko espetxean (Espainia) sartu dute, Efe berri agentziak auzitegietako iturriak aipatuz dioenez. Bart sartu zuten preso.

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak uztailaren 23an ateratako epaian 11 urteko espetxe zigorra jarri dio Bravori, diru publikoa bidegabe erabiltzea, dirua zuritzea eta ondasunez jabetzea egotzita. Epaiaren arabera, 90eko hamarkadan Ogasuneko Irungo bulegoan izandako iruzurraren erantzulea da.

Epaimahaiak frogatutzat eman du Bravok, Irungo karguaz baliatuta, 1,9 milioi euro poltsikoratu zituela, eta diru hori haren emazte izandako Rosa Cobosen laguntzarekin zuritu zuela —honi hiru urteko kartzela ezarri diote—.

Epaia oraindik ez da irmoa, baina duela egun batzuk Fiskaltzak Bravo behin-behinean kartzelatzeko eskatu zuen, ihes egiteko arriskua dagoelakoan. Auzitegiak aintzat hartu du eskaera. Dena dela, baldintzapean aske ateratzeko bermea ere jarri dio: 800.000 eurokoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.