PPk lortu du abortuaren legea aldatzea. Berak bakarrik egingo du alde, baina gehiengoz, aurrera atera baita erreforma Espainiako Kongresuan. Iragarri zuena baino erreforma soilagoa da azkenean. Aldaketa bakarra du: 16-17 urteko emakumeek ezingo dute abortatu gurasoen baimenik gabe.
Oposizio guztia kontra duela onartu da lege aldaketa, eta alderdiko zenbait diputatuk ere kontrako botoa emango zutela iragarria zuten. Jose Eugenio Azpiroz diputatuaren ustez ez baita "koherentea" PPren programarekin: "Ezer gutxi aldatzen da 2010ean PSOEk ezarri zuen legea; abortoa egiteko aukera izango baita lehen hamalau asteetan".
UPNk hainbat zuzenketa jarri asmo zizkion erreformari, baina azkenean atzera bota ditu. Carlos Salvado diputatuak gaur bertan adierazi duenez, amatasuna sustatzeko konpromisoa hartu baitu PPk. Oposizioko gainerako alderdiek mantendu egin dituzte zuzenketak, eta erreforma bozei begirako neurritzat jo dute.