Espainiako Auzitegi Konstituzionalak gaur hartuko du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Parot doktrinaren kontra epaia eman zuenetik doktrina horri buruzko aurreneko erabakia. Iñaki Fernandez de Larrinoa Perez de Luko gasteiztarraren auzia aztertuko dute, hain justu. Espero da kasu horrekin markatuko duela irizpidea Auzitegi Konstituzionalak mahai gainean dituen 30 helegite ingururen erabakia hartzeko.
Bestetik, ez dago jakiterik Auzitegi Nazionaleko sekzioek noiz erabakiko duten eurei dagozkien kasuez. Aurrena fiskaltzaren txostenak jaso behar dituzte, eta ez dute uste txosten horiek esku artean izandakoan luze joko duenik erabakia hartzeak.
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak atzo baieztatu zuen, Guardia Zibilaren Viceko polizia etxean (Herrialde Katalanak), ETA "garaitua" izan dela. Haren ustez, horixe berretsi du Estrasburgoko auziak "ETAko kideak eta bortxatzaileak parekatu izanak".
Iñaki Oiartzabal EAEko PPren buruak, berriz, nabarmendu zuen EAEko PPk ez duela fanatismoz jokatuko eta ez duela muturreko jokaerarik izango. "Zentzuz jokatuko dugu", esan zuen atzo, Radio Euskadin egin zioten elkarrizketan.