Kirola

Espainiako Lehen eta Bigarren Mailako liga, bertan behera

Espainiako Futbol Federazioak, Espainiako Futbol Liga Profesionalak eta Espainiako Futbolarien Elkarteak adostu dute bi astez etetea lehiaketa. Bertan behera geratu dira Binakako Txapelketa, Emakume Master Cupeko Binakako Txapelketa eta Maccabi-Baskonia partida ere. 

ainara arratibel gascon
2020ko martxoaren 12a
11:49
Entzun

Aurretik, futbol ez-profesionala geratu zen bertan behera, eta gaurtik baita profesionala ere. Espainiako Futbol Federazioak, Espainiako Futbol Liga Profesionalak eta Espainiako Futbolarien Elkarteak adostu dute Espainiako Lehen Mailako eta Bigarren Mailako liga bi astez etetea. Beraz, ez da futbol partidarik izango datozen bi asteetan. Hasieran, ateak itxita jokatzekoak ziren partida guztiak, baina Osasunaren Mundu Erakundeak koronabirusa pandemia izendatu eta gero, eta zenbait futbolari kutsatu eta gero, partidak bertan behera uztea erabaki dute. 

Pilotan, berriz, EPEL Eskuzko Pilota Enpresen Ligak erabaki du bertan behera uztea Lehen Mailako Binakako Txapelketa. EPELek ez du zehaztu noiz ekingo zaion berriro. Hurrengo bi asteburuetan ziren jokatzekoak finalerdietako ligaxkako bigarren eta hirugarren jardunaldiak, eta apirilaren 5ean finala. Bertan behera geratu da Emakume Master Cupeko Binakako Txapelketa ere. Larunbatean ziren jokatzekoak pilota gozoko finalerdiak. 

Euroligan, berriz, Baskoniak ez du partidarik jokatuko gaur Israelen. Maccabiren aurka jokatzekoa zen, eta Gasteizko taldeak atzo bidaiatu zuen hara. Baina koronabirusa dela eta, Euroligak ere txapelketa eteteko erabakia hartu du. «Jokalarien, teknikarien eta zaleen osasuna babesteko hartu dugu neurria, Osasunaren Mundu Erakundeak emandako gomendioak kontuan hartuta». Ez dute zehaztu noiz hasiko den berriro ere txapelketa. Birusaren hedapenaren arabera egongo da hori.

Ez da hori bertan behera utzi duten saskibaloi txapelketa bakarra. ACB liga ere ez da jokatuko asteburuan. Horrenbestez, ez Bilbo Basket, ezta Kirolbet Baskonia ez dira lehiatuko. Espainiako Ohorezko Mailako partidarik ere ez da izango. Larunbatean euskal derbia jokatzekoa zen, Gernikaren eta Araskiren artean. IDK-k, berriz, Cadi la Seuren kontra neurtu behar zituen indarrak. Asobal liga ere bi astez eten dute. Igandean ziren jokatzekoak Bidasoa eta Anaitasuna Irunen (Gipuzkoa). 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.