Euskal herritarrek 210 milioi euro utzi dituzte aurten Espainiako loterian, eta horietatik 15 milioi bakarrik itzuli dira. Hirugarren sariaren serie batzuk, bosgarren sariaren zati garrantzitsu bat eta sari txiki batzuk izan dira Hego Euskal Herrian saldutakoak.
Hirugarren sariak, 00750 zenbakiak, zortzi milioi euro utzi ditu. Horietako bost Iruñean, eta gainerakoa beste hiri eta herri batzuetan banatuta. Bosgarren sarietako bat, 69.823 zenbakiduna, izan da Euskal Herrian erori den beste sari handia. Zenbaki horretako 110 serie saldu dira Bilboko Otxarkoaga auzoan —6,6 milioi euro inguru—, eta beste bat Basaurin (Bizkaia).
Sari nagusiek, ordea, ez dute arrastorik utzi Euskal Herrian. Saririk handiena 26.590 zenbakiduna izan da, eta bigarren saria 10.989 zenbakiduna.