Hautsak harrotzen jarraitzen du herenegun Pere Navarro PSCko buruak Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako kontzertu ekonomikoak ezabatzeko aukeraz esandakoak. EAJko Gipuzku Buru Batzarreko bozeramaile Maria Eugenia Arrizabalagak asmo "jakobinoa eta birzentralizatzailea" izatea egotzi dio PSOEri, eta gaineratu du "porrot" egin duela Espainiako lurralde egituraketak.
Radio Euskadin hitz egin dute Arrizabalagak berak, EH Bildu koalizioko legebiltzarkide Julen Arzuagak, PSEko Arabako idazkari nagusi Txarli Prietok eta PPko legebiltzarkide Nerea Llanosek.
"Kontzertu ekonomikoa bere osotasunean defendatzen dugu, baina Gizarte Segurantzaren kudeaketa eta jatorrizko subirania ere nahi ditugu, erabakitzeko eskubidea gauzatu eta legitimazio demokratiko baten bidez", gaineratu du Arrizabalagak.
Arzuagak, berriz, esan du kupoak "behar ez ditugun eta mesederik egiten ez diguten zerbitzuak" ordaintzeko balio duela kupoak, eta horren adibide jarri ditu Espainiako Koroa, armada eta nazioarteko ordezkaritzak. Nabarmendu du kontzertu ekonomikoak ez direla "pribilegioak, eskubide historikoak baizik".
Eztabaida PSOEn
Prietok adierazi du Kataluniako "finantzaketa arazoa" ez dela konpontzen "beste eredu batzuk ukatzen", baina gaineratu du PSOEn eztabaidagai dutela nolakoa izan behar duen Espainiako finantzaketa ereduak.
Llanosen hitzetan, PSEk "eskubide historikoak Eusko Legebiltzarrera eramateko eta aldundienak izateari uzteko" eskatzen du, baina hori "ez da kontzertua defendatzea, guztiz kontrakoa baizik". Gaineratu du kontzertua ez dela "pribilegioa", "partekatutako arriskuaren sistema" bat baizik.