Eztabaida politikoan dago Espainiako monarkia. Aurtengo udatik, behintzat, hizpide da han eta hemen, batik bat El Jueves aldizkari satirikoak Espainiako printze-printzesei buruz azalean marrazkia egin eta Espainiako Justiziak auzitara eraman zuenetik. El Jueves astekariak azkeneko zenbakian berriro aipatu du errege familia lehendabiziko orrialdean (irudian); Juan Carlos Borboikoa Espainiako erregea ageri da, hura "oso erreta" dagoela esanez.
Izan ere, Katalunian azken asteetan haren eta erreginaren hainbat irudi kiskali dituzte Errepublikaren aldeko jarraitzaileek. Hain justu, errege-erreginen argazkiak erretzea leporatuta bi gazte kataluniarren kontra 15 hilabeteko espetxe zigorra eskatu du gaur Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak; Espainiako Koroa iraintzea leporatu diete, eta aurpegia estali zutenez "mozorrotuta" jardutea astungarri gisa.
Nicola Lococo idazleak eta Josetxo Rodriguez eta Javier Ripa Deia egunkariko umoristek ere Madrilera joan behar izan zuten irailean, artikulu eta marrazki banagatik, erregea iraindu zutelakoan. Horiek eta El Jueves-ekoak epailearen azken erabakiaren zain daude.
Juan Carlos Borboikoak atzo monarkia defenditu zuen Oviedon (Espainia) egindako hitzaldi batean, "monarkia parlamentarioak Espainiak bizi izan duen egonkortasun arorik luzeena ahalbidetu duelako”. Atarian errepublikazale batzuk bildu ziren. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobnernuaren presidentea ere monarkiaren alde aritu zen atzo.
Politika
Espainiako monarkiarekin bueltaka
'El Jueves' aldizkariak berriro egin du Espainiako errege familiari buruz azala, erregea "oso erreta" dagoela esanez. Hain justu, Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak 15 hilabeteko espetxe zigorra eskatu du gaur Espainiako errege-erreginen argazkia erretzea leporatzen dieten bi gazte kataluniarren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu