Gaztetxeak

Espainiako Polizia kokatu da Iruñeko gaztetxeko teilatuan, gazteak igo daitezen eragozteko

Atzokoa errepika ez dadin —hau da, behin gaztetxea hustu ondoren berriro ere gazte erresistenteak teilatura igotzea—, Espainiako Poliziako hainbat kide igo dira Euskal Jai gaztetxeko teilatura eta han daude pilota jaurtigaluekin armatuta. Aurretik, goizeko zazpiak aldera, atzo igotako sei gazteak jaitsiarazi dituzte lau foruzain eta hiru udaltzainek. Arratsaldean, goizeko 6 atxilotuak aske utzi dituzte. Atxilotuetako batzuek salaketa jarri dute poliziaren aurka.

2004ko abuztuaren 18a
19:44
Entzun
Gaztetxeko kideek beren web orriaren bidez salatu dutenez, gau guztia teilatuan zeuden gazteak xaxatzen eman du Espainiako Poliziak. Zehazki, gomazko pilotak, gasa eta harriak jaurti dizkietela agertu dute gaztetxeko kideek. Teilatuan zen erresistenteetako batek bizkarrean harrikada bat jaso duela gaineratu dute.

Atzo gaueko hamarretan protesta burrunba egin zuten Iruñeko Alde Zaharreko bizilagun askok. Inguru batzuetan eltze eta zartagien arrabotsak ordu eta erdiz entzun zirela azaldu dute gaztetxeko iturriek, eta, halaber, zenbait lagunek edukiontziak eta bailak gurutzatu zituztela kaleetan. Iturri beren arabera, Espainiako Polizia etengabe ibili da Alde Zaharreko kaleetan, pilotak jaurtiz eta balkoiak kontrolatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.