Gaur ere ildo beretik joan dira deklarazioak gazte mugimenduaren aurkako epaiketan. Atzo egin bezala, torturak eta tratu txarrak salatu dituzte auzipetuetako batzuek Auzitegi Nazionalean, epaiketaren hirugarren egunean. Goizean Jazint Ramirezek, Julen Zuaznabarrek, Xalba Ramirezek, Aiala Zaldibarrek, Bergoi Madernazek, Igarki Roblesek, Marina Sagastizabalek eta Ainhoa Villaverdek deklaratu dute.
Roblesek, Loiolan atxilotu eta ondoren espetxeratutako gazteetako batek, gogoan izan ditu Espainiako Poliziaren eskuetan bizi izandako hainbat pasarte:
Robles: "Tratu txarren helburua zen nire buruaren aurka egitea, eta beste pertsona batzuk errudun jotzea. Lortu zuten" @berria#28akEreLibre
— Hodei Iruretagoiena (@hirual) September 24, 2014
Robles: "[Espainiako] Poliziak Nazionalak jo eta torturatu ninduen, beste batzuk bezala, nire buruaren aurka egiteko" @berria#28akEreLibre
— Hodei Iruretagoiena (@hirual) September 24, 2014
Senideen inguruan esandakoak ere entzun dira Auzitegi Nazionalean. Hala kontatu du Ainhoa Villaverdek:
"Bi polizietako batek esan zidan, nire aita ospitalean zegoela, bihotzekoak jo ziola". Bi urte lehenago jo zion @BerrIA#28akEreLIBRE
— Hodei Iruretagoiena (@hirual) September 24, 2014
Goizeko saioan, gogor aritu da Angela Murillo epailea auzipetuek esandakoei erantzunez —Roblesek torturetan botere judizialaren ardura aipatu duenean, esaterako—. Defentsari ere erantzun dio Murillok:
Murillo epailea, defentsako abokatuari: "Nik hitz egiten dudanean, ezta bururatu ere moztea" @berria#28akEreLibre
— Hodei Iruretagoiena (@hirual) September 24, 2014
Eguerdiko atsedenaren ondoren, Xabier Arina eta Imanol Salinas igaro dira epailearen aurretik. Haiekin amaitu da gaurkoa. Aurrekoek bezala, akusazioak ukatu dituzte:
Salinas: instrukzio epaileari esandakoa berretsi du, akusazioak ukatuz @berria#28akEreLIBRE
— Hodei Iruretagoiena (@hirual) September 24, 2014
Epaiketak urriaren 6an jarraituko du; orduan inkomunikazio aldiko poliziek deklaratuko dute.