Espainiako Informazio Agentziek diotenez, Fernandez Iradiri aurkitu omen zioten zerrendaren harira datoz gaur gauean egin dituzte atxiloketak. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek aginduta operazio handia egin dute Araban, Bizkaia, Gipuzkoak eta Nafarroan, eta operazioak irekita jarraitzen du. Esan dutenez, goizeko 1:00etatik 3:00etara egin dituzte atxiloketak, eta 150 polizik hartu dute parte. EFE berri agentziaren arabera, atxilotu guztiak Madrilera eraman dituzte. Mementoz, 18 miaketa egin dituztela jakinarazi du Espainiako Barne Ministeritzak.
Espainiako Barne Ministeroak esan duenez, atxilotuek ETAri laguntzen zioten,azpiegiturak, babesa, eta helburuen informazioa emanez.
Askatasunak jakinarazi duenez, Zestoako Margari Eizagirreren etxera goizeko 1:30ean sartu da Espainiako Polizia. "Ibon Fernandez Iradiri eta Lorena Somozaren Tarbeseke etxean aurkitutako ustezko dokumentazioarekin lotutako atxiloketa" dela esan du Askatasunak. Bere etxea miatu du poliziak, eta "bakarrik paper batzuk eraman dituzte". Eizagirre inkomunikatuta dago.
Gipuzkoan Ibon Urrestarazu Esnaola eta Alaitz Iturriotz Garmendia ere atxilotu dituzte, Ordizian; eta Francisco Agustin Cabo Fernandez eta Amaia Mundiñano Larraza, Antzuolan. Zumaian beste bi lagun atxilotu dituztela zabaldu da, Aitziber Igoa Monge eta Aritz Romaneli Aizpurua, hain zuzen ere. Romanelik gaixotasun larria du, ordea, eta Donostiako erietxean gaixo dagoela frogatu ondoren libre utzi dute. Zumaian, Oikiako Urtia auzoan egin dute atxiloketa.
Araban, bi lagun atxilotu ditu Espainiako Poliziak: Gustavo Fernandez Villate eta Koldo Lekuona Ruiz de Luzuriaga.
Bizkaian hiru lagun atxilotu dituztela ohartarazi du Askatasunak, horiek ere Garzonen aginduz. Santutxun Maider Viso Ziarrusa atxilotu dute, Bilboko Alde Zaharrean Ruben Nieto Torio, eta Portugaleten, berriz, Ion Duque Santacoloma.
Operazio berean, beste lau lagun ere atxilotu dituzte Nafarroan, Askatasunak jakinarazi duenez: Iruñeako Alde Zaharrean Lorea Azpilikueta, Berriozerren Iban Medina eta Izaskun Villanueva eta Txantrea auzoan Gorka Jaunarena, eta Larrotxapea auzoan Igor Astibia.
Mobilizazioak
Martin Ugalde Kultur Parkeko langileek batzarra egin dute. Margari Eizagirre eta Igor Astibia kultur parkeko langileak dira, eta bi horien eta beste atxilotu guztien egoeraren inguan kezka agertu dute "frogarik gabeko atxiloketak izateko itxura" hartu dietelako, "momentu zehatz batean egitea erabakitako atxiloketak". Atxiloketa egiteko modua ere salatu dute, "goizeko ordu batean etxera indarrez sartzea", alegia.
Arratsaldean elkarretaratzea egin dute 16:00etan, Kultur parkean bertan.
Zestoan, 20:00etan pleno berezia egingo dute Udaletxean, eta gero manifestazioa egingo dute. Hangoa da Margari Eizagirre.
Bilbon ere manifestazioak egingo dira datozen egunetan. Gaur eta bihar 20:00etan Alde Zaharreko Etxebarrieta plazatik eta Santutxuko Karmelo plazatik abiatuko dira manifestazioak. Asteazkenean, berriz, 19:30an Mollua plazatik abiatuko da manifestazioa.
Zumaian, berriz, osoko bilkura berezia egingo dute ostegunean, 19:30ean.
Leitzan ere asanblada egingo dute 20:00etan, herriko plazan. Hangoa da Igor Astibia.
Atxiloketak
Espainiako Poliziak gutxienez 16 lagun atxilotu ditu, Garzonek aginduta
Espainiako Poliziak gutxienez 16 lagun atxilotu ditu, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonen aginduz. 150 polizik burutu dituzte atxiloketak, eta Espainiako berri agentzien arabera, Madrilera eraman dituzte atxilotu guztiak. Ibon Urreztarazu eta Alaitz Iturrriotz atxilotu dituzte Ordizin; Margari Eizagirre Zestoan; Zumaian Aitziber Igoa atxilotu dute, eta Aritz Romaneliren bila joan badira ere, hura ez dute atxilotu, gaixotasun larria duelako; Francisco Agustin Cabo eta Amaia Mundiñano Antzuolan atxilotu dituzte; Maider Viso Ziarrusa eta Ruben Nieto Torio, Bilbon; Ion Duque Portugaleten; Lorea Azpilikueta, Igor Astibia, Iban Medina, Izaskun Villanueva eta Gorka Jaunarena Nafarroan; eta Gustavo Fernandez eta Koldo Lekuona Gasteizen. Operazioak irekita jarraitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu