Espainiako Poliziak Oihana Agirre atxilotu du, Donostian

AMMko kideari Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorra berretsi berri zuen Auzitegi Gorenak

Erredakzioa
Donostia
2011ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Espainiako Poliziak Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kide Oihana Agirre atxilotu zuen atzo gauean Donostian, Agirreren inguruko iturriek jakitera eman zutenez. Iturri horien arabera, atxilotu ondotik Espainiako Gobernu ordezkaritzara eraman zuten Agirre. Duela egun batzuk Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen donostiar gaztearen aurka Auzitegi Nazionalak ezarritako zortzi urteko kartzela zigorra, eta handik aurrera une batetik bestera atxilotuko zuten jakitun zen Agirre.

Azken egunetan hainbat ekimen egin dituzte Donostia inguruetan auzi hori salatzeko. Egia auzoko frontoian esaterako, bertakoa baita Agirre, jendetza bildu zen iragan asteburuan, Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideari babesa adierazteko.

Aste honetan bertan ere alor askotariko hainbat lagunen babesa jaso zuen Agirrek, eta haren aurka egindako epaiketa politikoa salatu zuten, euskal preso eta iheslarien egoera salatzen egindako lanarengatik zigortu zutela baiteritzote.

«Giza harresia» gaur

Atxilotuko zuten jakin baino lehenagotik deituta, elkarretaratzea egingo dute gaurDonostiako auzitegiaren aurrean (Egia auzoan).

Oihana Agirreren auzia eta beste hainbatena salatzeko «giza harresia» irudikatuko dute, Eleak mugimenduak deitutako elkarretaratzean. Arratsaldeko bostetarako jarri dute biltzeko hitzordua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.