Atxiloketak

Espainiako Poliziak sei lagun atxilotu ditu Getxon eta Berangon, kale erasoak egotzita

Baltasar Garzon epaileak agindu du operazioa egitea. Bart egin dituzte atxiloketak; lau Getxon eta bi Berangon. Atxilotuak Joseba Elorriaga, Mikel de Gregorio, Txomin Gezuraga, Lander Labajo, Aner Mimenza eta Josu Rodriguez direla jakinarazi du Askatasunak.

2007ko urriaren 17a
15:18
Entzun
Espainiako Poliziak bart sei lagun atzeman ditu Bizkaian, Getxo eta Berango herrietan egindako operazioan, denei ere Uribe Kostan 2005etik 2007ra bitartean kale erasoak egitea leporatuta. Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu ditu atxiloketak, 2005ean hasitako diligentzia batzuetan oinarrituta.

Sei lagun haiek ETArekin harremanik duten ere ikertzen ari direla esan du Poliziak. Antonio Camacho Espainiako Estatuko Segurtasun idazkariak adierazi du sei haietako batzuen izenak Ibon Fernandez Iradi ETAko kidearen ustezko paperetan agertzen zirela. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuaren Barne ministroa urrutirago joan da, seiak ETAn sartzear zirela susmatzen dutela esan baitu. "Kale borroka delakoan ibiltzen direnak ETAn sartzen bukatzen dute".

Lau atxiloketa Getxon egin dituzte eta beste biak Berangon. Atxilotuak Joseba Elorriaga, Mikel de Gregorio, Txomin Gezuraga, Lander Labajo, Aner Mimenza eta Josu Rodriguez direla jakinarazi du Askatasunak. "Atxiloketa batzuk oso bortitzak izan dira. Lander Labajoren baserrian GEO taldekoak sartu dira atea lehertarazi ondoren. Mikel de Gregorioren etxean, berriz, aita eta anaia esku-burdinez eduki dituzte etxeko eskaileretan", esan du Askatasunak.

Poliziaren arabera, Bilbora eraman dituzte seiak, Indautxuko polizia-etxera, baina senideak hara joan direnean, atxilotuak Madrilera bidean zeuzkaten.

Poliziak seien etxeetan miaketak egin ditu, eta guztietan ordenagailuak eraman ditu.

Salaketa eta mobilizazioa

"Uholde errepresiboa bizitzen ari gara Euskal Herrian, eta eraso gehiago etorriko dira luze gabe", dio Askatasunak. "Independentziaren aldeko borroka polizia operazio basatien, makrosumarioen, espetxe politika hiltzailearen eta antzeko bide errepresiboen bidez zapaltzeko hautua egin dute. Baina herri honetan urte luzez erakutsi da errepresioa antzua dela".

Gaur 20:00etarako mobilizazioa dago deituta, Getxon (Algortan, Telletxen).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.