Espainiako Poliziak bi lagun atxilotu ditu bart goizaldean Bizkaian, ETAri atentatu bat egiteko laguntza ematea leporatuta. Zehazki, Urko Izagirre eta Enrique Noya dira atxilotuak; lehena Getxoko Algorta auzoko Bidebarri kalean atzeman dute, eta bestea Bilboko Deustua auzoko Elorrieta kalean.
Poliziak zabaldutako informazioaren arabera, 2008an Calahorrako (Errioxa, Espainia) kuartelaren aurka bonba-autoa jartzeko laguntza eman zioten ETAri; besteak beste, ibilgailuren bat uztea egozten diete. Halaber, joan den astean Katalunian atzemandako Jon Rosales eta Adur Aristegiren atxiloketen ondorioz gertatu dela gaurko operazioa agertu dute. AAMk jakinarazi du bi atxilotuak Rosalesen eta Aristegiren lankideak direla. Hain zuzen, haien lantokia miatu du goizaldean Espainiako Poliziak, Abadiñon (Bizkaia).
Espainiako Barne Ministerioak zabaldu du bonbonak eta lehergailak egiteko jarraibideak atzeman dituztela miaketetan, eta baita ETArekin zerikusia izan dezaketen hainbat agiri ere.
Rosales eta Aristegi herenegun espertxeratu zituzten, inkomunikazio epea agortu ostean. Tortura gogorrak salatu dituzte biek, besteak beste, poltsa behin eta berriro egin dietela eta erratz baten kirtenarekin bortxatzeko saioa jasan zutela. AAMk kezka agertu du Izagirrek eta Noyak Poliziaren esku jaso dezaketen tratuaz. "Azken asteetan atxilotu eta inkomunikatu dituzten pertsona guztiek torturak salatu dituzte, eta une honetan bi gazteak benetako tortura arriskuan daude". Atxiloketak salatzeko, manifestaziora deitu dute, gaur iluntzean, 20:00etan, Algortako Telletxetik abiatuta.
Eusko Jaurlaritzak ondo hartu ditu atxiloketak. Idoia Mendia bozeramailearen arabera, oraindik ere "min handia" egin dezake ETAk, "baina gero eta zailago dauka".
Atxiloketak
Espainiako Poliziak Urko Izagirre atxilotu du Getxon eta Enrique Noya Bilbon
Joan den astean Katalunian atzemandako Jon Rosales eta Adur Aristegirekin lotu dituzte, eta ETAri atentatu bat egiteko laguntza ematea egotzi diete. Rosalesek eta Aristegik tortura gogorrak jasan dituztela salatu zuten, besteak beste, bortxaketa saioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu