Atxiloketak

Espainiako Poliziaren esku, inkomunikatuta, jarraitzen dute atzo atxilotutako hamar gazteek

2005etik Oarsoaldean hogei bat kale eraso egitea leporatzen die Grande-Marlaska epaileak. Atxilotuetako bat erietxera eraman behar izan zuten atzo arratsaldean, "gastroenteritisak jota". Madrilen dauzkate guztiak.

2008ko apirilaren 19a
13:41
Entzun
Atzo Gipuzkoan egindako sarekadan atxilotutako hamar gazteek Espainiako Poliziaren esku inkomunikatuta jarraitzen dute, Madrilen.

Oiartzunen, Errenterian eta Arrasaten egin zituzten atxiloketa horiek, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta. Jon Mikel Otxoa, Alex Etxeberria, Haizea Iriarte Urretabizkaia, Xabier Lujanbio, Harkaitz Antza, Gorka Etxeberria, Aitor Alberdi, Aitor Franco, Beñat Burlada Pego eta Josu Arruabarrena dira atxilotuak, Askatasunak jakinarazi zuenez. Atxilotutakoei ETAri laguntza emateko taldea osatzea egozten die Espainiako Poliziak. Zehazki, 2005etik Oarsoaldean hogei bat kale eraso egitea leporatu die. Atxilotuak Madrilera eraman zituzten atzo bertan, Poliziaren egoitzara, inkomunikatuta.

Atzokoarekin jada zortzi dira Euskal Herrian iazko uztailetik hona gazteen kontra egindako polizia sarekadak. Guztira 70 gazte inguru atxilotu dituzte hamar hilabete horietan. Segi gazte erakundeak azken operazioa salatu du, eta aurrekoetan bezala atxilotutakoei leporatzen zaiena «gezurra» dela adierazi du.

Atzo goizaldean hasi zuen operazioa Poliziak, 03:30ean, eta 20 eta 27 urte bitarteko hamar gazte atzeman zituen. Oiartzunen Jon Mikel Otxoa eta Alex Etxeberria Oiartzabal atxilotu zituzten, goizeko lauetan. Bi gazteen etxeak miatzen egon ziren poliziak goizeko seiak arte, eta ondoren, atxilo eraman zituzten. Oiartzunen bertan, beste etxe batera joan ziren poliziak lagun bat atxilotzeko asmoz, baina bertan topatu ez, eta atea bota ondoren, etxea arakatu zuten.

Errenterian Haizea Iriarte, Xabier Lujanbio, Harkaitz Antza, Gorka Etxeberria, Aitor Alberdi, Aitor Franco eta Beñat Burlada atxilotu zituzten, eta euren etxeak ere miatu zituzten. Arrasaten, berriz, Josu Arruabarrena errenteriarra atzeman zuten. Eskoriatzan (Gipuzkoa) ikasten du, eta Arrasaten bizi da aste barruan, eta han atxilotu zuten.

Espainiako Barne Ministerioaren arabera, atxilotutako gazteak Segi gazte erakundeko kideak dira eta hainbat kale eraso egin dituzte 2005az geroztik. Besteak beste, Errenteriako Bake Epaitegiaren eta Ertzaintzaren etxearen aurkako eta Telefonicako autoak gordetzen zituzten garajearen kontrako erasoak egitea egozten diete. Halaber, pasa den otsailean Lezoko azpiestazio elektrikoaren eta Euskotrenen aurka azken hiru urteotan egindako erasoekin lotu ditu Espainiako Poliziak.

Gainera, Arrasateko etxebizitza batean egindako miaketa batean beste hiru lagun atxilotu zituzten, «aginteari erresistentzia eta desobedientzia» egotzita. Atestatua egin ostean, Guardiako Epaitegira eraman zituzten, baina iluntzerako aske geratu ziren hirurak.

Atxilotuen etxeak ez ezik, hainbat elkarte ere arakatu zituen Poliziak. Guztira, hemezortzi miaketa egin zituen, Espainiako Barne Ministerioaren arabera. Oiartzunen Kataxulo gaztetxea miatu zuten, Errenterian Landare elkartea eta Lezon Ibai-Ondo etxea. Miaketetan ordenagailuak, propaganda, afixak, DVDak, Segiren dokumentazioa eta sakelako telefonoak atzeman dituela dio Poliziak.

TORTURA ARRISKUA. Gazteen abokatuek torturak ekiditeko protokoloa ezartzeko eskatu diote Grande-Marlaska epaileari, baina hark ez du eskaria onartu. Hori horrela, inkomunikazioa dela eta, gazteak torturatuak izateko arriskuaz ohartarazi du Askatasunak. Gainera, senideek eta abokatuek atxilotuen inguruko informaziorik ez dutela jaso gaitzetsi du. Nolanahi ere, Askatasunak jakin du Josu Arruabarrena Donostiako Ospitaleko larrialdietara eraman zutela atzo eguerdian, gastroenteritisak jota.

Euskal Herriko hainbat gaztek «errepresioaren jopuntuan» jarraitzen dutela salatu du Askatasunak. Haren ustez, «eroaldi errepresiboak» ez du etenik Euskal Herrian, eta Zapatero Espainiako gobernuburu izendatu eta astebetera beste operazio bat egiteak «argi erakusten du zein den aurrera begira egiten duen apustua».

Ezker abertzaleak ere sarekada gaitzetsi du, eta elkartasuna agertu die atxilotuei. Rubalcabak, Zapaterok eta PSOEk «salbuespen egoera» ezarri nahi dute Euskal Herrian, eta horretan EAJren laguntza izaten ari dira, haren ustez. Horren aurrean, autodeterminazioa eta lurraldetasuna aldarrikatu ditu gatazkaren konponbidea lortzeko. Kataxulo Oiartzungo Gazte Asanbladak ere gogor salatu ditu gazteen atxiloketak, baita atzo goizean gaztetxean egindako miaketa ere. Lezon, Oiartzunen eta Errenterian mobilizazioak egin ziren atxiloketak salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.