Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak kargutik kendu du, eta, aldi berean, aurretik, Daniel Rodriguezek bere dimisioa aurkeztu du. Espainiako Gobernuan PPk agintzen zuela, 2012an, izendatu zuten Nafarroako Espainiako Poliziaren buru, eta gobernu aldaketak ez du orain arte eraginik izan. Alta, gaur kaleratu den informazioak bultzatu du gobernu sozialista erabaki hori hartzera. Twitterreko kontua, ordea, ez zuen ezabatua; bai, ordea, mugatua.
Informazio horren arabera, poliziak Twitterreko @polientes1612 kontu blindatua (bere jarraitzaileek soilik irakur zitzaketen mezuak) erabiltzen zuen gehienbat ordezkari politikoen aurka irainak idazteko. Hala, Patxi Zabaleta "nazkagarri, koldar eta oso pertsona gaiztoa" dela dio txio batean, edo Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariari aurpegiratzen dio Nafarroak beste euskal lurraldeekin "bat egitea" lortu nahi duela ("eta Kataluniakoa txantxa bat izango da", gaineratzen du txioan). Halaber, EAJ traidoretzat jotzen du, eta Aitor Estebanek balizko hauteskunde deialdi baten aurka egindako oharraren inguruan, honako hau dio poliziaburu ohiak: "Ezin da lotsagabeago izan".
Daniel Rodriguezen Twitterreko kontuaren irudia, gaur goizean.
Kontu sekretu horretan, Podemoseko goi kargudunen, Ada Colau Bartzelonako alkatearen eta Gabriel Rufian ERCko diputatuaren aurkako txio iraingarriak idatzi zituen Daniel Rodriguezek. Era berean, Vox-eko buruzagi Santiago Abascal goraipatzen du, edota Antonio Tejero 1981eko estatu kolpeko buruzagietako bat laudatzen du.
Albiste agentzien arabera, hura kargutik kentzea erabaki du Espainiako Barne Ministroak. Ministerioko iturriek albiste agentziei jakinarazi diete Rodriguezek aurretik bere dimisioa aurkeztu duela. Dena den, eldiario.es-ekoak poliziaburuarekin harremanetan jarri zirenean, anaiari eta emazteari bota zien hasieran errua. Bere telefono ofizialean zuen kontu sekretua.
Arastiren erreakzioa
Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkariaren hitzetan albisteak "mundu guztia zur eta lur utzi du", eta poliziaburu ohiaren jarrera arbuiatu du: "Ez soilik erakundeetatik baizik eta edozen esparratutatik, edozein alderdi edo politikariri eraso egin edo iraintzea arbuigarria da". Arastiren arabera, halako jarrerak ezin dira onartu, "are gutxiago Espainiako historia hurbileko atal hain ilunen apologia egitea".
Arastiren arabera, gaueko ordu txikietan izan du albistearen berri, eta berehala jarri da harremanetan Rodriguezekin, azalpenak eskatzeko. Lehen hartu-eman horren ostean, Rodriguezek berak deitu dio dimisioaren berri emateko. "Gertaerak ezagutu ostean, ezin zuen karguan jarraitu, ezta minutu bat gehiago ere". Galdetu diote ea poliziaburu ohiak onartu duen berak idazten zituela mezuak. "Ez dugu asko sakondu, berekin eta Ministerioarekin geundelako harremanetan eta ez dugu detailetan sartu nahi izan. Ez du ekarpenik egiten. Kontua berea zen, eta bere erantzukizuna hartu du bere gain".
Arastiren arabera, hori gertatu aurretik, Rodriguez ordezkatzea pentsatua bazuten. "Udai gentotzen, Espainiako Poliziaren eta urriaren 12ko ospakizunak zeuden, eta gerorako utzi genuen hori guztia. Orain honek dena azkartu du", azaldu du Arastik. Ordezkapen hori abian bazuten, mezu horien berri ba al zuten galdetu diote Arastiri eta ukatu egin du. "Uste genuen unea zela poliziaburua aldatzeko".