POLITIKA

Espainiako segurtasun indarretako sindikatuak, Hego Euskal Herrian jarraitzearen alde

Espainiako Poliziako SUP sindikatuak nabarmendu du ETA ez dela desegin eta ez dituela armak eman, eta hala egiten badu ere,  "legez" eskumen ugari betetzea dagokiela segurtasun indarrei.

Bi guardia zibil Bilbon, EPPK-ko mintzaidetza taldearen kontrako operazioan, aurtengo urtarrilaren 8an. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
2014ko abuztuaren 16a
17:55
Entzun

Europa Press berri agentziari eginiko adierazpenetan, Espainiako Poliziako eta Guardia Zibileko sindikatu eta elkarte ugarik defendatu dute Espainiako segurtasun indarrek Hego Euskal Herrian jarraitu behar dutela, bertatik joateko aukera baztertuz.

Adierazi dutenez, segurtasun indarrek Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan duten presentziaren inguruko eztabaidaz "nekatuta" daude. Izan ere, argudiatu dute, ETAk jardun armatua behin betiko eten badu ere, ez dagoela "normaltasun" egoerarik. EAEri egin diote soilik erreferentzia, nolanahi ere.

ETAren jardun armatua alde batera utzita, ohartarazi dute "Euskadik Espainia izaten jarraitzen" duela, eta legez zehaztuta daudela segurtasun indarrei dagozkien eskumenak. Hala, uste dute "demagogia" egiten dela eztabaida horren inguruan "boto abertzaleenak eskuratzeko", eta gaineratu dute horrek "min" egiten diela: "Gu hemen lan egiteko gaude".

SUP sindikatuak "arduraz" jokatzeko eskatu du, eta gaineratu du soilik Espainiako Barne Ministerioari dagokiola zehaztea zenbaterainoko presentzia izan behar duten segurtasun indarrek; presentzia hori ez da aldatuko "lehendakari baten, PSEren, EAJren, PPren edo beste edozein alderdiren apetagatik", adierazi du.

Jose Carrillo Gipuzkoako Guardia Zibilen Elkarteko idazkari nagusiak, berriz, gogorarazi du ETA ez dela desegin: "[Espainiako] Gobernuak ikusiko du lantaldea murriztu behar den, baina hori gobernuaren kontua da; nik dakidala, talde terroristak aktibo jarraitzen du".

"Marques de las Amarillas" Guardia Zibilaren elkarteko presidente Juan Carlos Gabrielek, berriz, oroitarazi du Guardia Zibila "erakunde militarra" dela eta "herriak bere ordezkari hautetsien bidez dioena" egiten dutela. Hortaz, "aginduak bete" besterik ez dutela egiten erantsi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.