Josetxo Ibazeta Donostiako udal gobernuko aholkulari ohiak gaur deklaratu du Espainiako Auzitegi Nazionalean. 2012ko uztailean Espainiako selekzioaren garaipen bat ospatzen ari ziren zale batzuei "mehatxu terroristak" egin zizkielakoan ari dira epaitzen Ibazeta.
Mehatxuak egin izana ukatu du Ibazetak, eta gaineratu du "eztabaidatxo bat" izan zuela zaleekin. Azaldu duenez, gau hartan hiru pertsona "gudari" deitzen hasi zitzaizkion etxera sartzear zenean, eta gaineratu du horietako batek haiengana joateko "jarrera" zuela.
Halaber, uste du zaleak ez zirela mehatxatuak sentitu, "barre" egiten baitzuten. "Pentsa dezakegu liskar handi bat izan zela, baina ez", erantsi du. Ez die erantzun fiskalaren galderei. Bi urte eta hamar hilabeteko espetxe zigorra eskatu du hark Ibazetarentzat.
Ibazetaren aurkako "jazarpena" salatu du Sortuk
Sorturen iritziz, Ibazetaren aurkako epaiketa "Sortuk eta ezker abertzaleak pairatzen duten Espainiako Gobernuaren jazarpen politiko, polizial eta judizialaren beste adibide bat baino ez da". Alderdi horrek dei egin dio PPri "bake eta konponbidearen aurkako salbuespenezko politika oro bertan behera utz dezan".
EH Bilduk ere epaiketa kritikatu du. Koalizioak uste du Ibazetaren auzia "guztiz neurrigabea" dela eta epaiketa horren atzean "motibazio politikoa" dagoela.