Hainbat alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialek elkarretaratzeak antolatu dituzte Espainiako Vuelta Euskal Herritik pasatuko den egunetarako. Uztailean manifestu bat aurkeztu zuten hogei eragilek baino gehiagok, eta Vuelta Euskal Herritik pasatzearen inguruan egindako hausnarketa plazaratu zuten. Gaur, manifestua sinatu zuten eragileetako ordezkari batzuek agerraldia egin dute Bilbon, ekimen horien berri emateko.
Prentsaurrekoan azaldu dutenez, Txirrindularitzari bai, inposizioari ez, Euskal Herria nazioa lelopean antolatuko dituzte ekimenak, eta hiru esparrutan izango dira: erakundeak, kirol esparrua eta eremu herritarra. Erakundeen eremuari dagokionez, azaldu dute irail hasieran mozioak aurkeztuko dituztela, besteak beste, Vuelta pasatuko den herrietako udaletan.
Herritarren mobilizaziorako bi egun zehaztu dituzte: irailaren 9a eta 10a. Irailaren 9an, elkarretaratzeak antolatuko dituzte 14:00etan Ilsoganako mendatean, Kantabria eta Euskal Herriaren arteko mugan, eta 16:00etan Bilbon, etapa amaieran. Irailaren 10eko elkarretaratzeak 11:00etan eta 16:00etan izango dira; goizean Bilbon, lasterketa abiatzen denean, eta arratsaldean Gasteizen, amaitzen denean.
Horretaz gain, bizikleta martxa bat antolatu dute irailaren 3rako, Euskalpedalkadak izenarekin. Martxa Gasteiz eta Bilbo artean izango da, herriz herri testigua pasatuz; izaera "aldarrikatzailea" izango duela adierazi dute.
Vuelta ikustera joango direnei eskatu diete Euskal Herria nazio bat dela dioen aldarrikapena ahalik eta gehien zabaltzeko. Horretarako, 15.000 zerrenda banatuko dituzte, Txirrindularitzari bai, inposizioari ez, Euskal Herria nazioa leloa dutenak.
Manifestuaren sinatzaileak:
• ESAIT.
• Bai Euskal Herriari.
• Euskal Herrian Euskaraz.
• Anitzak.
• Gazte Abertzaleak.
• Gazte Independentistak.
• Gazteherria.
• Ikasle Abertzaleak.
• Ezker Abertzalea.
• Eusko Alkartasuna.
• Aralar.
• LAB.
• EHNE.
• HIRU.
• Gernika Batzordea.
• Euskal Herriak bere eskola.
• Askapena.
• Bilgune Feminista.
• Albertiarrak.
• Elkartzen.
• Sare Antifaxista.