Politika

Espainiaren "inposizioa" salatzeko ikurra jartzea onartu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek

EAJ, Bildu eta Aralarren aldeko botoekin egin du aurrera jeltzaleek aurkeztutako proposamenak. Espainiako bandera jartzea "inposizioa" dela eta, "adierazpen askatasunaren aldeko" sinboloa jarri nahi dute diputazioaren aurrean.

Auzitegi Gorenak Gipuzkoa Espainiako bandera jartzera behartu zuenean, banderaz gain, hori salatzeko plaka ere jarri zuten. JUANAN RUIZ, ARP
Maialen Unanue
2014ko martxoaren 5a
16:56
Entzun

Gipuzkoako Batzar Nagusiek ikur bat jarri nahi dute erakunde horren eraikinaren aurrean, Espainiako bandera jartzea "inposizioa" dela gogoratuko duena. EAJren proposamena izan da, eta horren alde egin dute Bilduk eta Aralarrek. Espainiako Auzitegi Gorenak behartu du aldundia bandera hori "ohorezko" leku batean jartzera, eta horri erantzunez onartu dute gaurko testua, PSE-EE eta PPren aurkako botoekin.

Markel Olano (EAJ) zen Gipuzkoako ahaldun nagusia Gorenak epai hori egin zuenean. Eraikinaren teilatu-lauan jarri zuten orduan, "gutxi ikusteko moduan", eta horrez gain, plaka bat jarri zuten eraikinaren atean, sinbolo hori jarri ezean, "zigortuak izateko mehatxupean" zeudela gogoratuz. 2010ean izan zen hori. Gorenak, baina, plaka hori kentzeko agindu zuen, eta gainera, eraikinaren "ohorezko" leku batean jartzera behartu zuen aldundia.

Espainiaren "kalitate demokratikoa oso kaskarra" dela adierazi du Olanok. Gogoratu du "gatazka nazional bat" dagoela, eta "demokratikoki, euskal herritarren erabakitzeko eskubidearen bidez" konponduko dela.

Txema Murgiondo PPren legebiltzarkideak adierazi du onartutako testua "termino oso sektarioetan" egina dagoela, "onen eta txarren istorio zaharrez hitz egiten duena". "Instituzioak guztionak dira, eta Bilduk eta EAJk plakak jarri nahi badituzte, jar ditzatela euren herriko taberna edo batzokietan, euren diruarekin", gaineratu du. Maria Jesus Egido PSEkoaren ustez, ebazpen judizialei buruz iritzia eman daiteke, baina "bete egin behar dira beti; botere publikoek eredu izan behar lukete zentzu horretan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.