Politika

Espainiaren "zentralizazio" joerari "herri gisa" erantzuteko beharra nabarmendu du EH Bilduk

Koalizioak "babes mekanismoak" eraikitzera deitu du, Espaniako Estatuak euskal erakundeen erabakiak indargabetu ez ditzan.

Bakartxo Ruiz EH Bilduren Nafarroako parlamentaria eta Maddalen Iriarte koalizioaren Eusko Legebiltzarreko ordezkaria, gaur, Donostian egin duten prentsaurrekoan. JON URBE, ARGAZKI PRESS
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko otsailaren 9a
21:24
Entzun

Espainiako Estatua "zentralizazio prozesu basatian" murgilduta dagoela ohartarazi dute Bakartxo Ruiz Nafarroako Parlamentuko ordezkariak eta Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarreko parlamentariak, gaur, Donostian egin duten agerraldian.

Espainiaren joera zentralizatzailearen adibide gisa aurkeztu dituzte aurreko astean publiko egin ziren hiru erabaki: Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen Frackingaren kontrako legearen bi artikulu indargabetu ditu Auzitegi Konstituzionalak, Jaurlaritzak langile publikoentzako onartu zuen 35 orduko lan astea debekatzeko erabakia berretsi du Auzitegi Gorenak eta Espainiako Gobernuak auzitara eraman du tortura kasuak ikertzeko Nafarroako Gobernuak esleitu duen ditu laguntza. "Hiru erabaki, hirurak norabide eta helburu berarekin: Hego Euskal Herriko erakundeen burujabetza eta erabaki ahalmena murriztea", salatu dute Iriartek eta Ruizek.

Euskal erakundeen erabakien kontrako neurriak ez dira isolatuak, EH Bilduk nabarmendu duenez. Estatuko abokatuaren eskariei erantzunez, hainbat izan dira indargabetutako erabakiak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeei dagokienez, Etxebizitza Legearen, Polizia Indarkeriaren Biktimen Legearen, osasun arreta unibertsala bermatzeko dekretuaren eta hainbat lan eskaintza publikoren kontra hartutako erabakiak aipatu dituzte. Nafarroari dagokienez, berriz, Espainiako Gobernuak Nafarroako Parlamentuak onartutako hamazazpi legeri helegitea aurkeztu diela gogorarazi dute. Horien artean, etxebizitza eskubidea bermatzeko legea eta botiken berrordainketaren ondorioak arintzekoa.

"Bistan denez, bai Nafarroako Parlamentuak baita Gasteizko Legebiltzarrak ere onartutako lege horiek guztiek helburu nagusi bat zuten: herritarren bizi eta lan baldintzak duintzea. Hau da, euskal herritarrak hobeto bizitzea". Hain justu, hori da Espainiako Estatuak euskal herritarrei ukatzen diena, koalizioaren esanetan: "hobeto bizitzeko eskubidea".

Iriartek eta Ruizek ohartarazi dute estatuak "bide murriztaile" horretan jarraituko duela, orain berrogei urte "Hego Euskal Herriko instituzioei emandakoa gehiegizkoa izan zela" deritzola eta.

"Hemen ere badugu gure 155. artikuluaren aplikazio partikularra. Ez Katalunian bezain agerikoa, baina bai ondorio berak dituena", salatu dute. Espainiak euskal erakundeen eta euskal herritarren duintasuna erasatez du, EH bilduko parlamentarien esanetan. "Espainiako estatuaren eta Hego Euskal Herriko instituzioen eta herritarren arteko harremana mendekotasunean oinarritzen dela" argi utzi nahi du estatutak, koalizioaren iritziz.

Euskal erakundeen erabaki ahalmena bermatu nahi bada, "herri bezala" erantzutea ezinbesteko jo du EH Bilduk. "Bestela jai daukagu". Koalizioak "babes mekanismoak" adostu, eraiki eta indarrean jartzea proposatu du, Espainiak euskal erakundeen erabakien kontrako neurrien "mendeko izaten jarraitu nahi ez badugu". Horretarako, Espainiarekin "berdinetik berdinerako" harremana eraiki behar dela ziurtatu du.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.