Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Alderdien kanpaina

Espainiatik eta Europatik kanpo «ezereza» dago, Raxoiren ustez

Gernikako Estatutua eta Konstituzioa euskaldun guztiek lekua duten «bi lorpen sozial» direla esan du

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Egungo krisi ekonomikoari «krisi instituzional bat gehitzea egin daitekeen akatsik larriena da». Halaxe esan du Mariano Raxoi Espainiako presidenteak PPk Bilbon egin duen ekitaldi nagusian. Horregatik, independentziaren bidea alboratzeko eskatu dio hauteskundeetatik irtengo den gobernuari: «Ez dadila sar haustura eta istiluetan». Horren ordez, «indarrak zerbitzu publikoak hobetzeko eta lanpostuak sortzeko» erabil ditzala eskatu du. Eta ekonomia lehentasuna denez, Espainiarekin batera lan egiteko deia egin du Raxoik. Izan ere, «Espainia eta Europatik kanpo ezereza dago», eta, haren ustez, euskaldunen gehiengoak ez dio aterik itxi nahi munduari.

Egoera ekonomikoari egindako erreferentziak Espainiaren batasunarekin lotuta egin ditu Raxoik. Izan ere, krisi egoeratik «batera» irten behar da, haren esanetan. Horregatik, hazkundearen bidea bilatzeko ezinbesteko neurriak batera hartzeko deia egin du.

Zein neurri liratekeen ez du zehaztu, ordea. Horren ordez, ordezkatu nahi duten pertsonen soslaia azaldu du: «Euskaldun zein espainol sentitzen diren pertsonak ordezkatu nahi ditugu». Ildo horretan, Gernikako Estatutua eta Espainiako Konstituzioa euskaldun guztiek lekua duten bi «lorpen sozial» direla esan du Raxoik. Horregatik, egonkortasun instituzionala beharrezkoa dela esan du: «Gaur egun estatututik eta konstituziotik aldentzeak prosperitatetik aldentzea esan nahi du».

Bi lorpen sozial horiek, gainera, Europarekiko «lotura» direla ohartarazi du. «Europa da gure lekua, eta hori berresten du Bakearen Nobel sariak ere». Orain arte egindako ibilbide europarrak jarraipena behar duela izan esan du: «Ezin gara egon hortik kanpo». Independentismoari aurre egiteko jarrera erakutsi du horrela, beste behin ere, Espainiako presidenteak.

Hauteskunde erabakigarriak

Antonio Basagoiti PPko lehendakarigaiak ere ildo beretik jo du bere hitzaldian. Izan ere, datorren igandeko hauteskundeak «erabakigarriak» direla esan du. Zergatik? Datozen urteetan Euskal Herrian eta Espainian egongo den lasaitasun maila aukeratuko baita, haren ustez, datozen bozetan. Eta hautagai guztien artean bi aukera bakarrik daudela ohartarazi du: «EAJren eredua, hausturaren eredua, Espainia amaitu nahi duena; eta PP, Euskadi Espainian indartuko duen aukera». PSE-EEri buruz, esan du ez dakitela non dauden, baina ez direla «euren zain» egongo.

EAJren hautagaitza independentziari begira dagoela berretsi du hautagai popularrak. «Ez dute erakunderik kudeatu nahi, behar adinako gehiengoa lortu nahi dute ondoren independentziaren kontsultak egiteko». Horren aldean, datozen hauteskundeetan bere hautagaitza babesteko eskaera egin du Basagoitik, «Espainiako Vuelta Bilbotik edo Gasteiztik igarotzean pozten direnei» dei eginez. Haren esanetan, euskalduna izatea ez baita «jeltzalea edo Batasunekoa izatea, bertakoa izatea baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.