Eduardo Fungairiñok Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalburutza utzita, Auzitegi Gorenean "terrorismoaren kontra duen esperientziaren ekarpena egingo du", Espainiako Fiskaltza Nagusiko iturriek diotenez. Gaur goizean adierazi dio Candido Conde-Pumpido fiskal nagusiari kargua uzteko erabakia, "arrazoi erabat pertsonalak" argudiatuta.
1997ko maiatzaren 30az geroztik zuen fiskalburutza kargua, baina PPren Gobernuak egindako izendapena oso polemikoa izan zen, ez baitzuen kontuan hartu Fiskaltza Kontseiluak esandakoa. Hiru aldiz bota zuen atzera fiskaltzak Fungairiñoren hautagaitza, baina hala ere, kargua eman zioten. Fiskalen Elkarteak oso gogor kritikatu zuen erabakia, haren ustez, fiskaltzaren independentziaren kontra ordura arte egin den "erasorik handiena" izan baitzen. Ez zuen boto bat bera lortu haren izena aurkeztu zen hiru alditan.
Kargu-hartze polemikoa izateaz gainera, ibilbidean ere ez da ezustean igaro. Lehen iskanbila kargua hartu eta hilabete gutxira izan zen. Txileko eta Argentinako diktaduretan gertatutakoa ikertzeko Espainiako legediak ez zuela eskumenik esan zuen, eta fiskaltzako hainbatek diktadura zuritzea leporatu zioten. ETAren kontra egindako lanagatik askok goraipatutakoarentzat ordena konstituzionala berrezartzeko helburua zuten diktadurek.
Madrilgo atentatuen harira ere, M-11 batzordearen aurrera agertu zenean esandakoak iskanbila sortu zuen. Fiskalburuak esan zuenez, ez zuen Renfeko estazioan ekintzaileek utzi zuten furgonetaren eta froga erabakigarrien berri, "telebista ikusteko eta egunkariak irakurtzeko ohiturarik ez" zuelako.
Auzitegi Nazionalean "Terrorista aditutzat" dute,ETAren kontrako sumario askotan parte hartzeagatik eta bere jarrera gogorragatik ospe handia lortu baitzuen. Besteak beste, Hipercor-eko atentatu eta Ynestrillas Komandantearen hilketa sumarioetan hartu zuen parte.1990ean bonba pakete bat bidali zion ETAk, baina esku artean lehertu baino lehen atzeman zuten.
1946an jaio zen Santanderren, eta Koltza olioaren auzian oliogileen kontra egindako akusazioengatik entzun zen lehen aldiz haren izena, 1987an. Kartzela urte asko eskatu zituen errudunentzat, eta biktimentzat, berriz, ordura arte sekula eman ez ziren kalteordainak.
Eduardo Fungairiñok kargua utzita, hura ordezkatzeko Espainiako Fiskaltza Nagusiak fiskaltza orotara deia egin beharko du, karguak eskatzen dituen baldintzak betetzen dituen interesatu orok eskaera egin dezaten. Baldintzak betetzen dituztenen artean Candido Conde-Pumpidok egingo du proposamena, eta Espainiako Gobernuak izendatu, egokia iruditzen bazaio.
Espainiako Auzitegi Nazionala
Espaniako Auzitegi Nazionaleko fiskalburutza utzi du Eduardo Fungairiñok
"Arrazoi erabat pertsonalak" argudiatuta, Eduardo Fungairiño Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalburuak kargua utzi du. Espainiako Fiskaltza Nagusiko iturriek agertu dutenez, gaur adierazi dio kargua utziko zuela Candido Conde-Pumpido fiskal nagusiari, eta Auzitegi Goreneko Fiskaltzan sartzeko eskaera egin dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu