Espero baino %11 diru gehiago bilduko dute ogasunek, sozietate zergari esker

2008an ere bilketa %5 handitzea espero du Jaurlaritzak, «ekonomiak oinarri sendoak baititu»

Ivan Santamaria.
2007ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Itundutako zergen bidez bildu beharreko dirua aldez aurretik kalkulatu behar denean aldundiek zuhurtzia handiz jokatzen dutela gauza jakina da, hobe baita aurreikuspenetan motz geratzea, gero espero baino gutxiago bildu dela beste ogasuneko kideei azaldu behar izatea baino. Hala izango da aurtengo zerga bilketan ere. Iaz kalkulatu baino 1.437 milioi gehiago batuko dituzte aurten Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak, %11ko igoera. 2006ko bilketa itxiarekin alderatuz gero, hazkundea %8,2 izan da. Orotara, 13.593 milioi euro bilduko dituzte hiru ogasunek.

EAEko Finantzen Kontseiluak urrian egiten duen ohiko bileraren giroak zerikusi gutxi izan zuen duela urtebete ikusitakoarekin. Bilkura horretan 2007rako zerga aurreikuspena Arabaren eta Gipuzkoaren babesik gabe finkatu zuen kontseiluak, inportazioko BEZa dela-eta Bizkaiak eman behar zien konpentsazioarekin kexu zeudelako. Haatik, aurten onartu den Ekarpen Lege berriak bakea eta metodologia hitzartuta itzuli ditu kontseilura. Atzokoa, gainera, lehen bilera izan zen Arabako eta Gipuzkoako ahaldun nagusi berrientzat, Xabier Agirre eta Markel Olano, hurrenez hurren. Haiekin batera Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahalduna eta Idoia Zenarrutzabeitia Jaurlaritzako lehendakariordea eseri ziren.

Sozietate zerga izan da aurten bilakaerarik adierazgarriena izan duen zerga. Enpresen etekinei ezarritako zergak hazkunderik handiena duen hirugarren urtea da jarraian, gainera. Orotara, 1.967 milioi euro batzea espero dituzte ogasunek, iaz baino %16,3 gehiago. «Enpresek joan den urtean izan zituzten emaitza onak islatu dira», Zenarrutzabeitiak zehaztu duenez.

Bide beretik egin du aurrera Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergak (PFEZ). 2006ko bilketarekin alderatuz, %11,2 hazi da. Garapenik apalena BEZak izan du. Inportazio operazioei ezarritako BEZa, berriz, lehen aldiz Ekarpen Lege berriak ezarritako metodologiaren arabera kalkulatu dute, polemikarik gabe.



FUNTSAREN BANAKETA. Hiru ogasunek erakunde bateratuetara bideratu beharreko kopurua ere finkatu dute. Guztira, 8.334,1 milioi euro izango dira. Horiei beste zenbat ekarpen batu beharko zaizkio, eta Jaurlaritzaren esku, guztira, 8.475,05 milioi euro geratuko dira, Espainiako Gobernuari ordaindu beharreko kupoa kendu ondoren. Espainiari 1.380,8 milioi ordainduko zaizkio, eskualdaturik ez dauden eskumenen truke.

Aurten, berriro ere, bilketan sortzen diren desorekak zuzentzeko funtsetik dirua jaso beharko dute Arabak eta Gipuzkoak. 118 milioi euro bi aldundien artean, hain zuzen ere. Datorren urtean ere bilketa orekatu beharko dute bi herrialde horiek: 126 milioi izango dira, 60 Arabarentzat eta 66,1 Gipuzkoarentzat.



EKONOMIA «SENDOA». Datorren urterako bilketaren aurreikuspena ere hitzartu dute hiru ogasunek eta Eusko Jaurlaritzak. Zuhurtziari heldu diote berriro erakundeek, eta zergen bidez kobratutako dirua %5,1 handituko dela kalkulatu dute. Aurreikuspen kontserbadore horien erakusle da sozietate zergari ezarritakoa. Aurten %16ko igoera izan ondoren, 2007an bilketa %2,9 baino ez handitzea espero dute.

Edonola ere, ez dela txakalaldirik izango ziurtatu du Zenarrutzabeitiak. «Itxierak beti gainditu ohi ditu aurreikuspenak, eta hori ekonomiak hazkunde oinarri sendoak, orekatuak eta osasuntsuak dituelako da».



EAEko eskumen propioak ordaintzeko 115 milioi kenduko dira kupotik aurten

Kupoaren bost urterako lege berriak zituen aldaketen artean, Espainiako Gobernuak eskualdaturik dauden eskumenak ordaintzeko onartzen dituen aparteko diru aurrekontu bereziak EAEko erakundeetara nola bideratu zehaztu zen, 6.2 artikuluaren eta xedapen gehigarrien bidez.

Hain zuzen ere, erkidego guztiei banatu beharreko dirutik EAEri dagokion inputazio tasa (%6,24) kalkulatu, eta kopuru hori ordaindu beharreko kupotik zuzenean kenduko du Eusko Jaurlaritzak. Osasunean, gizarte arretan eta hezkuntzan dirua jasoko du aurten EAEk, eskuduntzak bereak izan arren. Hain zuzen ere, 57,9 milioi euro izango dira osasun neurri berezietarako, eta 44 milioi euro Hezkuntza Lege Organikoa garatzeko. Beste 14 milioi euro Dependentzia Legeari dagozkio; diru hori -politikak koordinatzeko %2,2 izan ezik- foru erakundeei emango zaie.

Espainiak onartzen dituen aparteko ordainketa horietatik dirua jasotzeko sistemak eztabaida piztu du. PP, esaterako, abstenitu zen horren inguruko bozketan. Popularren irudiko, zerga bidez bildutako dirutik aparte Madrilek beste kopuru batzuk ematea Bruselari argudioak ematea da burujabetza fiskalaren aurka egiteko. Izan ere, Europako Justiziak onartu du estatu berean hainbat sistema fiskal egotea, beti ere estatuak finantza desoreka posibleak zuzentzeko esku-hartzerik ez badu. Jaurlaritzatik, aldiz, kritikak «funtsik eta oinarririk gabekoak» direla erantzun diote PPri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.